Euskal Herriko elite mailako lau eta erdiko txapelketa irabazi du Iker Salaberria goizuetarrak

Ttipi-Ttapa 2016ko abe. 14a, 07:30
Elite mailako Euskal Herriko lau eta erdiko txapela jantzi du Iker Salaberria goizuetarrak.

Biharamunean, Guillermo Mazo txapelketa ere irabazi zuen 

Euskal Herriko elite mailako lau eta erdiko pilota txapelketa irabazi zuen Iker Salaberria pilotari goizuetarrak. Abenduaren 2an Laudion jokatutako final ikusgarri eta berdinduan 22-19 irabazi zion Arabiourrutia bizkaitarrari.

 

Partida berdindua joan zen. Lehenbiziko bi tantuak sakez egin zituen bizkaitarrak, 3-6 aurretik jarri zen gero goizuetarra. Sakea berereskuratu eta 7-12 eta 15-18 ere aurretik izan zen Arabiourrutia, baina Salaberriak ez zuen etsi. Lau tanto segidan egin eta 19-18 aurretik jarri zen goizuetarra. Hemeretzina berdindu zuen Abadiñokoak, baina azken hiru tantoak Salaberriak egin zituen.

 

Guillermo Mazo txapelketa biharamunean

Abenduko lehen asteburua ezin emankorragoa izan zen Iker Salaberriarentzat. Izan ere biharamunean, abenduaren 3an, jubenilei zuzendutako Guillermo Mazo txapelketa irabaztea lortu zuen, Oberenako Matari 18-15 irabazita. Beste goizuetar bat, Aitor Aizkorbek hirugarren posturako lehia galdu zuen, 18-8, Buruzgaingo Gaskueren kontra. Nafarroako lau eta erdiko txapelketa ez ofizialtzat jotzen dute adituek Guillermo Mazo txapelketa.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun