erran.eus

Oinatz Bengoetxea leitzarrak lau t’erdiko txapela jantzi du lehen aldiz

  Kirola  Leitzaldea  Leitza

Ogetan igandean jokatutako final ikusgarrian 22-21 irabazi zion Altuna III amezketarrari

Ikusgarria, estua eta gogorra. Horrela deskriba daiteke azaroaren 27an Gasteizko Ogeta pilotalekuan jokatutako lau t'erdiko txapelketaren finala. Ordu eta erdi inguru iraun zuen partidan asko sufritu dute Oinatz Bengoetxeak eta Jokin Altunak, eta Leitzakoa nagusitu zen azkenean, 22-21. 

Oinatz Bengoetxea leitzarrak lau t’erdiko txapela jantzi du lehen aldiz
Oinatz Bengoetxea pozik, lau t'erdiko lehen txapelarekin. | Ikusi handiago | Argazki originala

 

Bengoetxea VI zen faborito apustuetan, baina alde handirik gabe. 100-60 ari ziren artekariak partida hasi baino lehen, eta hasieratik geratu zen argi indarrak berdinduta zeudela frontoian.

Maider Unda borrokalaria izan zen partida hasteko sakea nork aterako erabaki zuen txanpona bota zuena, eta leitzarrari egokitu zitzaion sakea. Hortik aurrera eta lehen zazpi tantoetan aurretik joan zen Oinatz, bazirudien lasai eta seguru ari zela. Amezketarrak, ordea, zazpina berdintzea lortu eta beste bi tanturekin 7-9 aurretik jarri zen lehen aldiz.

Bederatzina berdindu ondotik, berriz ere ihes egin zuen Altunak. Hirugarrenez berdindu ondotik, berriz ere burua altxatu zuen Bengoetxeak, eta aurretik jarri zen. Une horretatik aurrera bi pilotariengan nekea somatu zen. Sei tanto egin zituen segidan leitzarrak, baina denak erabakita zirudienean beste beste berdinketak etorri ziren, 18na, 20na eta 21na berdinduz. Azkenean, Bengoetxeak 22.a egin zuen arte.

 

Hiru txapel handiak lortu dituen zazpigarren pilotaria

Leher eginda, baina pozik agertu zen Oinatz Bengoetxea lau t’erdiko txapela lehen aldiz lortu ondotik. Gisa honetara, binakakoa, buruz burukoa eta lau t’erdikoa lortu duten pilotarien klubean sartu da. Beste sei pilotarik bakarrik lortu dute hori historian: Julian Retegi, Fernando Arretxe, Aimar Olaizola, Juan Martinez de Irujo, Abel Barriola eta Mikel Urrutikoetxea.

Bengoetxeak onartu zuenez, «asko sufritu dut, mentalki oso gogorra izan da. Berak ere merezi izan du txapela irabaztea, baina oraingoan nik eramango dut etxera». Udaberri honetan hildako Josetxo lagun minari eskaini zion txapela.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa