Espainiako ejertzitoak herrian egindako maniobrak arbuiatu ditu Leitzako Udalak

Ttipi-Ttapa 2016ko aza. 17a, 12:08
Dozenaka militar armatuak ibili ziren asteazken goizean Leitzako kaleetan.

Azaroaren 16an inolako baimenik eta segurtasun protokolorikgabe ibili zirela salatu du, «herritarren artean ongieza, izua eta haserrea eraginez»

Leitzako Udalak Espainiako ejertzitoaren presentzia eta herrian egindako maniobrak salatu eta arbuiatu nahi ditu. Azaroaren 16an, asteazken goizean, pasa den apirilean bezalaxe, Leitzako erdigunea eta kaleak okupatu eta herriko lurretan aritu dira maniobra militarrak egiten, Udalari deus jakinarazi gabe, «inongo baimenik gabe, inongo segurtasun protokolorik gabe eta herritarren artean ongieza, izua eta haserrea eraginez». 

 

Leitzako Udalak, oraingoan ere, hainbat herritarrek egindako deiei eta salaketei esker izan du honen berri. «Apirilean herria okupatu zutenean egin genuen moduan, gaur ere Espainiako indar militarren arduragabekeria eta probokazioa» salatu nahi izan du Leitzako Udalak.

Espainiako ejertzitoaren presentzia militarra handia izan da gainera: dozenaka militar ongi armatuta oinez, kamioiak eta beste ibilgailu ugari. «Beste behin ere, Leitzatik eta Euskal Herritik joateko exijitzen diogu Espainiako ejertzitoari. Hemen ez dute tokirik euren gerra-jolasek. Gainera, egun Euskal Herrian bizi dugun egoera politikoan ez dago inondik inora justifikatuta euren presentzia militarra», adierazi du Leitzako Udalak prentsa ohar bidez.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun