Balikebale lehiaketaren 3.edizioa eginen dute larunbatean Leitzan

Ttipi-Ttapa 2016ko aza. 14a, 16:02
Lau talde ariko dira sari potoloa irabazteko lehian.

Sarrerak azaroaren 16ra arte egonen dira salgai

Azaroaren 19an, iluntzeko 7etan Leitzako zineman eginen dute lehiaketa. Aurreko edizioetan bezalaxe, hirunaka osatu dituzte taldeak eta denera lau talde ariko dira herriari, inguruari, tradizio eta ohiturei buruzko galderak erantzun eta ariketak osatzen. Egunean bertan ez da sarrerak erosteko aukerarik izanen, horregatik, interesa duenak, sei euroren truke, Maimur, Astitz, Torrea edo Peritzan erosi beharko ditu azaroaren 16a baino lehen (14 urtetik beherakoek ezin dute saiora sartu).

Lehiaketa mundiala izanen da aurtengoa ere eta lehiakide zein ikusleek ederki pasatzeko aukera izanen dute Leitza hobeki ezagutu bidenabar. Aurtengo parte hartzaileak hauek izanen dira:

  1. Arantxa Agirre, Irune Alkorta eta Maialen Gonzalez
  2. Markel Barriola, Manex Moreno eta Martxel Intsausti
  3. Marijose Larrea, Pakitto Sagastibeltza eta Oihana Saenz
  4. Eneritz Astibia, Jokin Sagastibeltza eta Saioa Sagastibeltza

Talde irabazleak saririk potoloena jasoko badu ere, parte hartzaile guztientzat sariak izanen dira.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun