Leitzulia BTT mendi ibilaldia antolatu dute estreinakoz urriaren 8an

Ttipi-Ttapa 2016ko eka. 6a, 10:56
Leitzako inguru ederretatik ibiliko dira txirrindulariak.

Izen-ematea ekainaren 6tik aurrera egin liteke kirolprobak.com helbidean

Mendi bizikletaren gainera igo eta Leitzako kaxkoetan barna itzulia egiteko aukera izanen dute zaleek urriaren 8an. Leitzulia antolatu dute lehenengoz Aurrera Elkarteko Mendibil BTT taldekoek eta Leitzako paraje, xenda, igoera, jaitsiera… ederrenekin 42 kilometroko ibilbidea prestatu dute, 1.400 metroko desnibel metatua duena.

 

Ibilbidea Leitzako plazan hasi eta bertan bukatuko da. Plazaolatik barna eginen dira lehenbiziko kilometroak baina hortik aurrerakoak Leitzako kaxkoak zeharkatuz osatu beharko dituzte. Antolatzaileek ibilbidean zehar ikus litezkeen parajeak azpimarratu nahi izan dituzte «ez da proba lehiakorra eta horregatik, paisaiaz goza­tzera gonbidatu nahi ditugu. Adibidez, Petriketatik Aralarko mendilerroaren zati handi bat ikusten da, Malloak, Txindoki... Guztia mendiko xenda eta basoetan barna egiten da, errepiderik ia zapaldu gabe».

 

Izen-ematea interneten

Izena emateko epea ekainaren 6an irekiko da eta internet bidez, kirolprobak.com helbidean soilik egin liteke. 18 urtetik gorakoei zuzenduta dagoen proba da, baina, antolatzaileek argi utzi nahi izan dute ibilbideak duen zailtasun maila dela eta aldez aurretik prestatzea beharrezkoa dela.

Federatuta daudenek 15 euro ordaindu beharko dituzte eta federatuta ez daudenek berriz, 18 euro (300 parte-hartzailetan jarri dute muga). Trukean, parte-hartzaileek kamiseta­ bana eta hainbat opariz betetako poltsa jasoko dute. Zeharkaldian bi hornidura puntu ere jarriko dituzte eta dutxak, bizikletak garbitzeko mangerak, autokarabanentzako aparkalekuak... prestatuko dituzte. Horretaz gain, opariak ere zozketatuko dituzte eta helmugan edariak eta pin­txoak ere jarriko dituzte parte-hartzaileentzat.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun