Uitziko tunela zabalduta Nafarroan Plazaolako trenbideak dituen 22 kilometro geldituko dira berreskuratuak

Gurutze PIKABEA 2010ko ira. 28a, 16:17
Jende dezentek erabiltzen du Plazaolako natur bidea paseatzeko. Plazaola Partzuergo Turistikoa

Azaroan irekitzea espero du Plazaola Partzuergoak

Bere garaian mea­tze­rako, merkataritzarako eta komunikaziorako izan zen Plazaolako trenbidea, aisialdirako bihurtu da orain. Eta trena kendu zutenetik 52 urtera, Do­nos­tia eta Iruñea lo­tzen zituen trenbidea oinezko eta txirrindularientzako egokitzen ari dira gaur egun.

 

Historia luzea du Pla­zaolako trenak. Mende hasierako garai oparoan sortu zen eta hasta­pe­nean, mea­tzerako trena izan zen; Plazoalako mea­tzeetatik Andoainera burdina garraiatzeko erabili zen. 1914an bi­daia­ri-trena izatera pasatu zen, eta Donostia eta Iruñea lo­tzen hasi zen. 40 urtez iraun zuen horrela, eta merkataritzarako eta komunikaziorako bidea izan zen. 50. hamarkadatik aurrera, ordea, gainbeheran joan zen. 1953­ko uholdeak alde batetik, eta autobusen konpe­ten­tziak bestetik, 1958an tren­bidearen itxiera eka­rri zuten. Aurtengo irailean, hain zuzen, 52 urte bete dira Plazaolako trena kendu zutenetik.

Urteetan utzia eta baz­tertua egon ondotik, az­ken aldian aisialdia du Pla­zaolak eskaintzeko. Eta aisialdia apustu ona dela kontura­tuta, bere garaian Iruñea eta Donostia lotu zituen trenbidean berreskura­tze lan haundia egiten ari da az­ken urteo­tan. Plazaola Par­tzuergo Turistikoa da bul­tzatzaile nagusia. Eta ho­rretarako Espai­niako Gobernuko Ingurumen Ministerioaren eta Nafarroako Gobernuaren dirulaguntza hartu izan du.

1998an egin ziren le­hen­da­biziko obrak, Le­kun­be­rriko geltokia berresku­ratuz. 2000an zabaldu zen Lekunberri eta Uitzi artean egokitutako bost kilometroko lehen zatia eta Mugiro aldera beste bi kilometro gehiago be­rritu ziren gero. 2001­ean, bigarren zati batean, Lei­tzaldeko 12 kilometroak egiteko lanak kontratatu ziren, Gipuzkoako muga eta Ui­tziko tuneleko sa­rre­ra bitarteko zatia, hain­ zuzen. Guztira, oraingoz 19 kilometro berreskuratu dira Nafarroan, baina Ui­tziko tunela gelditzen da egiteko, Gipuzkoa aldean egokitutako 22 kilometroekin, 44 kilome­troko zatia prest izateko.

 

Uitziko tunela

Uitziko tunela da be­rres­kuratze lan horien hirugarren helburua. Maite­na Ezkutari Plazaola Par­tzuergo Turistikoko kudeatzaileak adierazi digunez, «proiektu garran­tzi­tsua da. Natur bideetan kilometro asko izatea oso garrantzitsua da eta Uitziko tunela irekita, 44 kilometroko zatia geldituko da». Europa aldetik jende gehiago etorriko li­tza­tekeelakoan dago: «Ge­hienbat Europan dago zikloturistaren perfila, eta turismoa sustatzeko aukera haundia izanen li­tzateke». Tuneleko obrak udan bukatzekoak ziren, baina luzatu egin dira.

Lehendabiziko urtean zorua berritu zen; hurrengoan tunela argiztatu eta azkenekoak bobedako konponketak izan dira. «Segurtasun aldetik az­ter­keta geotekniko ba­tzuk egin genituen eta hor eskatzen zena egin ondo­tik, enpresak bobeda osoa mailazoarekin jar­tzeko aholkatu zigun», azaldu digu Ezkutarik. Horixe da hain zuzen tunelaren irekiera atzeratu izanaren arrazoia. Irailaren 2an Partzuergoak eta Lekunberri, Leitza eta La­rraungo Udalek hartu zuten erabakia: «lan gehiago da, baina lasaitasun gehiagorekin geldituko gara», dio kudeatzaileak. Dena den, azarorako zabalduko dela uste du, irekiera ofizia­la beranduagorako utzi­ arren: «Guretzat azaroa hilabete txarra izaten da, eguraldi aldetik gogor jo­tzen duelako eskualde hau, eta udaberri aldera egitea pentsatzen dugu».

Bobedako lanak luza­tzeak ez omen du aldake­ta esanguratsik ekarriko 1.391.908 euroko aurrekontuan –%60 suben­tzionatua–. Kudeatzaileak eman dizkigu azalpenak: «Zoruan porlana jar­tzeko asmoa genuen, baina ongi pentsatuta, bobe­daren lan horiei eman diegu lehentasuna, nahiz eta aurrera begira zoruan mantenimendu lan gehia­go egin beharko diren». Ui­tziko tune­lak dituen 2.680 me­troak za­baldu­ta, Nafa­rroan 22 kilome­tro geldituko dira berreskuratuak.

Uitziko lanez aparte, badira berriki egin diren beste batzuk ere. Hala nola, Telleriko tunelaren parean bidea zabaldu da. Orain arte oinezko eta txi­rrindulariek Leitza eta Goizueta lotzen dituen Basa­kabi errepidera jaitsi behar izaten zuten eta erre­pide ertzetik ibili. Orain, ordea, tunela itxita gelditu bada ere, natur bidetik atera gabe ibil daiteke oinez zein bizikletan.

Leitzan azken urtebetean egin den beste inber­tsioa geltokia berreskuratzea izan da. Nafa­rroa­ko Gobernuak joan den urtean txukundu zuen. Honen inguruan ere badu proiektu bat Plazaola Partzuergoak: «Gobernuak utziko zuela iragarri zuen, eta gure asmoa aterpe moduko bat egitea da. Baina krisia dela eta, gauza asko gelditu dira eta egitasmo hori ere hor dago». Ezkutariren irudiko, aterpe ho­rrek turismoari eta natur bideari «bultzada ede­rra» emanen lioke.

Etorkizunera begira dauden beste proiektuetako bat Imotzeko zatia berritzea da, Lekunberri­tik Irurtzunera doana. «Aspalditik gabiltza zati ho­rren atzetik, eta azkenik Ingurumen Ministeriotik obra hori egiteko finan­tza­zioa lortu da». Bidea berreskuratzeaz gain, ibaia­ren gainean pasabideak jartzeko asmoa ere ba­dute. Lanak aurten has­tea espero dute Par­tzuer­goan eta urte batez buka­tuko direlakoan daude. Horrekin batera, Irur­tzundik Iruñerako zatia Udalaz gaindiko Eragin Sekto­rialeko Planaren barne babestua dago, eta natur bide bilakatzea du helburu. Kudeatzailearen hitzetan, «plan ho­rre­kin zati hori berreskura­tzeko egitasmoa pres­ta­tzen ere has gaitezke».

Imotzeko zatiarekin Nafarroan 30 bat kilome­tro egonen lirateke oinezko eta txirrindularien­tzako prest eta Gipuzkoakoarekin batera, guztira 50en bat. Iruñea eta Donostia arteko 85 kilome­troak noizko berreskuratuko diren esatera ez da ausartu Ezkutari, baina duela urte batzuk «utopia» zena egi bihurtzen ari da poliki-poliki. Mar­txa honetan, «dena ongi baldin badoa, lau urtetan Nafa­rroako zatia egina egon daiteke», adierazi digu. Antza, Gipuzkoan, bestelako arazo batzuk dituzte, tartean espropiazioak.

 

BIZIKLETA GARRAIOBIDE

Plazaola Partzuergo Turistikoak badu bertzelako egitasmo bat ere eskuartean: herriz-herri bizikle­ta­ren zerbitzu publikoa jartzea. Hasierako helburua biztanleek herri bakoitzean bizikleta erabil­tzea da eta Irurtzun, Leitza eta Lekunberrin eginen dute hasierako proba. Aurrera begira, berriz, he­rri batetik bestera mugitzeko he­rritarrek natur bidea erabiltzea da erronka. Horren harira, Crana Nafarroako Ingurumen Arloko Baliabideen Zentroarekin elkarlanean, Pedalkadak iraunkortasunerantz erakusketa zabaldu dute berriki Lekunberriko Turismo Bulegoan. Natur-bidearen inguruan lehendik duten erakusketa, bestalde, he­rriz herri ibiliko da.

 

PATXI BARRIOLA ETA JUAN MARTIN ALEMAN LEITZARRAK

Bidaiarientzat garraiobidea, baserritarrentzat buruhaustea

Plazaolako trenarekin eta trenbidearekin lotutako istorio asko dituzte kontatzeko Leitzako Pastain baserriko Patxi Barriola (80 urte) eta Olaso baserriko Juan Martin Alemanek (73 urte). Biak trenbidearen ondoan jaio eta bizi dira, Lei­tzako geltokitik me­tro gu­txira Ba­rriola eta Gipuzkoarekin muga eginez, Plazaolako gelto­ki­tik hurbil Aleman, koinatuak biak.

Trenbidea ttikitatik «soberan» ezagu­tzen dutela adierazi digute bi leitzarrek, trenbidea euren lu­rre­tatik pasatzeaz gain, Alemanek azaldu digunez, «beti jaleoan ibil­tzen ginen, aziendak harrapa­tzen zituelako». Barriolak ere badaki zer den hori: «trenbidea irekia egoten zen eta egun batean zortzi ardi harrapatu zizkigun trenak». Noizbait Pastain azpian dagoen tunelean trenak asto bat ere moztu omen zuen er­di­tik. «Behiak, beho­rrak, ardiak... denetarik harrapa­tzen zituen», dio Alemanek. Baina minik haundiena trenbidearen bi bazterretara hartutako lur eremuak kendu izanak ematen diete bi koinatuei. Lur eremuak erre­ ere egin zitzaizkien trenaren joan-eto­rrietan. Barriolak kontatu digunez, «labea gehiegi bero­tzen zenean, ikazkinak kanpora botatzen zuen brasa eta horrela erre zen Lei­tzako Tutenekoborda base­rria». Aleman familiari, berriz, belardi zati haundia erre zitzaion horrela.

Trenbide ondoko baserrita­rrentzat buruhaustea izateaz aparte, Leitza eta inguruetako herrietako jendearentzat garraiobide garran­tzitsua izan zen. «Garai hartan, Iruña eta Doneztebe artean autobusa izaten zen, baina kotxe­rik ikusi ere ez, eta trena jende askok erabili zuen», esan digu Ba­rriolak. Trena ligatzeko ere aproposa omen zen: «orduan ez zegoen diskotekarik– dio irriz Pastaingoak– eta trena ordurako jendea geltokian biltzen zen». Eta Alemanek «trena pasa­tzen ikusteko pareja mordoska ibiltzen zela», kontatu digu.

Bi koinatuak ere ibili ziren bere garaian trenean. Barriola, esate­rako, soldaduskara trenean joan zen. Eta mutiko kozko­rrak zirela, sarritan ordaindu gabe ere ibili omen zuten trena: «mesilla dei­tzen genion karroan edo trenaren atzeko balkoian ordaindu gabe ibiltzen ginen», dio Olakokoak. «Tre­na abiatzean balkoira igo eta gelditzearekin batera salto eta etxe­ra», adierazi digu Barriolak.

 

Kontrabandorako aproposa

Plazaolako trenak aukera ona eman zien kontrabandiestei ere, Nafarroatik Gipuzkoara produktuak mugitzeko: azukrea, irina, olioa, arraultzak, babarrunak... Eta kontrabandoaren inguruko anekdotak ere asko dituzte bi leitzarrek. Guardia zibilen kontrolak ere izaten omen ziren, baina harrapatutakoan eurentzat gelditzen omen zituzten produktuak. Hona hemen Alemanek gogoan duena: «errotak itxita egon beharra izaten zuen, eta gau batean, guardia zibil pareja errota zaintzera bidalia bazuten ere, gau guztian errota mar­txan egon zen, eta epel-epel erro­tan egon ziren. Errotazainak bizpahiru kilo irin eman zizkien gero eta martxa egin zuten». Barriolak ere badu polizia­ren nondik norakoen berri: «Meza Nagusitik etxera nindoala, caba­llistak gelditzeko esan eta gure etxean zegoen parejari bisita edu­kiko zuela esateko eskatu zidan. Etxera joan, parejari caba­llis­tak esandakoa kontatu eta martxa egin zuten».

Onak batzuk, txarrak besteak, baina oroitzapen andana dituzte Barriolak eta Alemanek, en­tzu­tea merezi duten kontatze­ko asko.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun