Urtea bukatu arte hainbat kultur ekitaldi antolatu ditu Euskara Zerbitzuak

TTIPI TTAPA 2009ko aza. 16a, 15:17
Goizuetan, Xalto Egunaren barne, ekitaldiak izaten dira urtero. TTIPI TTAPA

Tailerrak, antzerkiak eta filmak izanen dira

Hilabete hasieratik, hainbat ekitaldi egiten ari dira Arano, Areso, Goizueta eta Leitzan, lau herrietako Euskara Zerbitzuak antolatuta, eta urtea bukatu arte beste hainbat izanen dira.
Ekimen multzo honi hasiera eman ziona, Areson egindako ilus­trazio tailerra izan zen. Etxepare Saria dela-eta, euskarazko albun ilus­tra­tuen inguruan egiten ari den sustapen-lanaren barne, ilustrazio tailerra egin zen hilaren 5ean eskolan.
Azaroaren 7an, berriz, txotxongilo emanaldia egitekoa zen Aranon. Bihar Txotxongiloak taldea Ipuin magikoak ikuskizuna eskain­tzekoa zen San Roke elkartean.

Zinema euskaraz
Erdarazko zinemaren uholdeari neurri txiki batean aurre egiteko, Euskarabidearekin elkarlanean Zinema, euskaraz ere bai zikloaren barruan, hiru pelikula ekarriko ditu Euskara Zerbi­tzuak:
Hala, Goizuetan Perez sagutxoa 2 pelikula ikusgai egonen da azaroaren 14an, 18:00etan Herriko Etxean.
Leitzan, Olentzero eta oparien ordua filma ikusteko aukera izanen da abenduaren 20an, 17:00etan Zineman.
Areson ere Perez Sagutxoa 2 filma eskainiko da abenduaren 8an, 17:00etan eskolan.

Kultur Elejira
UEMArekin elkarlanean, bestalde, Kultur Elejira zirkuitoa ailegatuko da eskualdera, euskarazko produkzioa bultzatzeko eta herri euskaldunetako bizitasuna indartzeko. Honakoak eginen dira:
Areson, abenduaren 3an, Kiki eta Kokoren ikuskizuna izanen da, 17:00etan plazan edo eskolan.
Goizuetan, berriz, Trikuharri antzerki taldea ariko da azaroaren 27an eskolan. Xalto Egunaren barruan, eta eskola orduetan.
Leitzan ere beste emanaldi bat izanen da, baina lerro hauek idazterakoan oraindik zehaztu gabe zegoen.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun