Araitz-Beteluko IV. Krossa igandean eginen da

TTIPI TTAPA 2009ko urt. 14a, 12:08

Araitz-Beteluko herriarteko krossa antolatu dute laugarren urtez Beteluko Araxes Herri Kirol Taldeak eta Araitz-Areso-Betelu-Larraun-Lekunberri Kirol Mankomunitateak, Elostalde korrikalari taldean eta Betelu zein Araizko udalem laguntzarekin. Lasterketaren berri eman dute asteazken eguerdian Araitzko Herriko Etxean. Igande honetan, urtarrilaren 18an, eguerdiko 12etan izanen da zortzi kilometroko lasterketa, gizon eta emakumeei zuzendua. Betelutik abaituta, Arribe, Atallu eta Arribetik pasatuta, berriz ere Betelun izanen du helmuga. Aipatzekoa da lasterketa Euskal Herriko Kross zirkuitoan sartua dagoela. Joan den urtean 215 korrikalari izan ziren eta aurten gehiago izatea espero dute antolatzaileek. Izen emateko aukera izanen dute helduek igandean Beteluko plazan, 10:45etik 11:30era, 10 euro ordainduta. Aurretik, www.herrikrossa.com web orrian ematen ahal da izena, 8 euroren truke. Aipatzekoa da goizeko 10:00etan umeen krossa eginen dela Beteluko eskola parean eta izen ematea dohainik izanen dute.

Sari ederrak

Sariei dagokienez, emakumezko nahiz gizonezkoen sailkapen orokorrean nagusitzen denak 180 euro eskuratuko ditu, 120 euro bigarrenak eta 80 euro hirugarrenak. Araitz-Areso-Betelu-Larraun-Lekunberriko haranakoen artean, berriz, 70 euro eskuratuko ditu lehenbizikoak, 50 euro bigarrenak eta 30 euro hirugarrenak. Sari nagusi hauetaz gain, 40 minutu baino lehen lasterketa bukatzen duen haraneko talde bakoitzak axuri eder bat jasoko du eta oparia izanen da lehendabiziko 250 korrikalarientzat ere. Probaren errekorra gainditzeagatik ere 150 euroko saria izanen da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun