Lehen faseko emaitzak aztertuko ditu Leitzaldeko Agenda 21ek

TTIPI TTAPA 2008ko mar. 18a, 14:54

Etorkizuneko planifikazioa egiteko oinarriak ere zehaztuko dira

Leitzaldean ere aitzinera segitzen du Agenda 21 egitasmoak. Beharrak eta gabeziak aztertzeko lehen fasea, diagnostikoa, bukatu dute eta orain emaitzak aztertu eta etorkizuneko planifikazioa egiteko oinarriak zehaztuko dira. Hau da, ekintza plana prestatzen hasiko dira: hobetzeko arloetan oinarrituz, ekintzez osatuko plana eginen dute. Inkestak eginez ekin zioten Agenda 21 proiektuari, eta Terra-Prometeako teknikariek horiei begira eman ondotik, foroak egiten ibili dira Leitzaldean. Azkena otsailaren 26an egin zuten.

Hezkuntza eta osasuna

Hezkuntza izan zen landutako gaietako bat. Bertzeak bertze, alor horretan inplikazioa gero eta eskasagoa dela azpimarratu zen, baita 12 urtetik goitikoentzat hezkuntza eskaintzan gabezia dagoela ere. Osasun eta gizarte zerbitzuetan, Leitzako osasun zentroa ttikia dela eta hobetu behar dela nabarmendu zuten, baita osasun harrera ere eskasa dela ere. Horrez gain, eguneko zentro eta zahar-etxe baten beharra azpimarratu zuten.

Kultura, kirola eta euskara

Kultura, kirola eta euskara izan ziren azken foroan mintzagai izan zituzten bertze gai batzuk. Hala nola, Leitzan Kultur Etxerik ez dagoela aipatu zuten bildutakoek, eta zineak eta kiroldegiak konponketak behar dituztela. Goizuetan, berriz, ez zinerik, ez liburutegirik ez dagoela azpimarratu zuten.

Ekonomia

Azkenik ekonomia izan zuten hizpide. Bertze gauzen artean, eskualdeko ekonomia garatzeko planaren beharra izan zen ondorioztatutako beharretako bat. Arano, Areso, Goizueta eta Leitzako 18 lagun elkartu ziren otsailaren 26ko foroan.

183 gazteei inkesta

Fase honi dagokionez oraingoz deskantsua emanen diote foroari. Orain Terra Prometeako teknikariei dagokie iturri eta bide ezberdinetatik bildutako informazio, datu eta ekarpenekin Analisi-Diagnosi txosten txukuna osatzea. Hala ere, prozesu honek bere bidea segitzen du eta esate baterako, zonaldeko 183 gazteei ere inkesta bat egin berri diete ikastetxeekin elkarlanean. Emaitzak abudo jakinaraziko dituzte.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun