‘Tabernetan euskaraz bai!’ egitasmoa landu dute Urtezahar Egunean Goizuetan eta Leitzan

TTIPI TTAPA 2008ko urt. 2a, 13:11
TTIPI TTAPA

Bi herrietako udalek eta Kontseiluak garatutako ekimena izan da

ttipi-ttapa «Taberna honetan euskaraz bai!». Lelo hori bera du Leitza eta Goizuetako udalek Kontseiluarekin elkarlanean garatutako egitasmoak. Leitzaldean euskararen erabilera sustatzeko helburuarekin, abenduaren 31n Leitza eta Goizuetako 23 tabernetan, 19:00etatik 21:30era, euskaraz eskatzen zuen herritarrari zizka-mizkak eman zizkioten. Ekimen berritzailea izan zen. Goizueta eta Leitza izan ziren abenduaren 19an Bilbon aurkeztutako Euskaraz bai lelo berria erabili zuten lehen herriak. Izan ere, Kontseiluak 10 urte bete dituen honetan, pauso berri bat ematea erabaki du: «10 urte hauetan ‘Bai euskarari ‘oihukatu dugu eta proiektu anitz jarri ditugu martxan lelo honen babesean baina iritsi da pausoa emateko garaia». Hala, Bai Euskararitik Euskaraz baira egin dute salto. Kontseiluaren arabera, «Bai euskarari esatea ondo dago, baina euskarak gehiago behar du; ‘Euskaraz bai’ da behar duena, euskaraz bai lanean, etxean, tabernan, lagun artean, hezkuntzan, administrazioan...». Leitzaldearen kasuan, Kontseiluaren ibilbide berria tabernekin hasi dute.

Urteko azken egunean, Urtezahar Eguna zela aprobetxatuz, guztira Leitzako 23 tabernek egin zuten bat proposamenarekin. Leitzan hauek parte hartu zuten: Bikoitz, Jubilatuak, Leitzarra, Beatrizenea, Peritza, Okabio/Xumutxo, Torreo, Txoko, Musunzar, Sagasti, Zirkulua eta Zortziko Labetxea. Eta Goizuetan, berriz, ondoko hauek: Gordea ostatua, Zubi ondo, Txoko, Urrutinea, Izkiña jatetxea, Lizardi, Juananetxea, Zabaleta, Goiz Argi eta Amaia Kafetegia.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun