Leitzaldeko 4 pilotari 2006ko lau terdiko txapelketan

Xan Harriague 2006ko ira. 29a, 20:00

Aurten ere Aimar Olaizola izanen da faborito nagusia

Asteazken arratsaldean aurtengo lau terdiko txapelketaren aurkezpena egin zuten Bilbon. Bi enpresek parte hartuko duten pilotarien izenak eman zituzten. Leitzaldeak ordezkaritza handia izanen du Asegarceko Olaizola anaiak eta Bengoetxea VI.arekin, eta Aspeko Barriolarekin. Xala, Gonzalez, Titín, Capellán, Eugi, Chafee, Galarza V.a, Martinez de Irujo eta Berasaluze IX. izan dira Eibarko enpresak aurkeztu dituen bertze pilotariak. Bizkaiko enpresan parte hartuko duten bertze 5 pilotari aurkeztu dituzte, Patxi Ruiz, Koka, Leiza, Arretxe II eta Agirre. Azken bien izenak jakiteko Peñagarikano eta Retegi II.ren artean eta Esain eta Saralegiren artean jokatu beharreko partiden emaitzak jakin arte egon beharko da.

Joan den urteko txapelketari begiratuz Del Rey, Eulate, Pablo Berasaluze eta Beloki dira parte hartuko ez dutenak. Lehen hiruen kasuan, enpresek arrazoi teknikoak aipatu badituzte, eta azkenaren kasuan eskuko minarengatik zela adierazi dute Asegarcekoek. Berehala final laurdenetara sailkatuak diren Titin, Olaizola II., Patxi Ruiz eta Xala ez ezik, bertze guziek final-hamaseirenetatik jokatu beharko dute. Iaz bezala finalerdiak lau onenen arteko ligaxkan jokatuko da. Lehen partiduak urriaren 8tik 15era jokatuko dira eta finala abenduaren 10erako aurreikusten da, Donostiako Atano III.ean edo Gasteizko Ogetan.

Azken lau urte hauetan 3 txapel jauntzi ondotik, aurten ere Olaizolatarren gazteena izanen da faborito. Irabaziz geroz, Julian Retegiren marka berdinduko luke 4 garaipenekin.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun