Hiru eta hamabi urte bitarteko haurrentzat ludoteka ireki da

ttipi-ttapa 2006ko api. 25a, 14:50

Euskara Zerbitzuak eta Udalak Dindaia Fundazioaren laguntza izan dute

Hamabi urte arteko haurrentzat ludoteka ireki dute martxoaren 27an udaletxeko lehen solairuan, Euskara Zerbitzuaren eta Udalaren eskutik. Haurrek jostatzeko leku berezirik ez zuten orain arte eta astelehenetik aurrera, horretarako aproposa den gunea ireki da. Momentuz, apirilean eta maiatzean irekia egonen da, baina heldu den ikasturtean urrirako irekitzea espero dute. Izena eman nahi duten haurrek 10 euroko matrikula ordaindu behar dute.

Jostatzeko txoko hau antolatzeko haur eta gaztetxoen aisialdian aditua den Dindaia Fundazioaren laguntza izan du Euskara Zerbitzuak. Jostaketaren bidez haurren heziketari eta formakuntzari bultzada emateko lekua dela uste dute antolatzaileek. Ludotekan, adinaren araberako bi talde eginen dituzte, bost urte artekoak alde batetik eta 6tik 12 urte artekoak bestetik, «bakoitzari dagokion arreta maila eskaintzeko helburuarekin». Talde bakoitzak bere ordutegia izanen du.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun