Jendetza bildu da Beran Korrikari ongi etorria emateko

Larunbat arratsaldean sartu da Korrika2015 Beran, Urepeletik Bilborako bidean. Endarlatsatik Berara sartu da arratsaldeko lehenbiziko orduan. Beratik Lesakara, Igantzira eta Etxalarko Bentara joan da, berriz ere Berara itzultzeko, eta Ibardindik Lapurdira sartzeko. Sekulako jendetza bildu da Berako karriketan, inoiz ikusi gabeko kopurutan.

Ricardo Baroja eskolako eta Labiaga Ikastolako ikasleek eraman dute lekukoa herrigunean. Bertze hainbat erakunde eta elkartek ere atxikimendua eman diote Bortzirietako kilometro guztiak bete arte.

Agerian gelditu da herritarrek euskara zabaltzeko eta indartzeko duten nahia. Nafarroako Gobernuak paratzen dituen zailtasunen gainetik, euskaraz bizitzeko aldarria nagusitu da, eta Nafarroa ere euskalduna badela oihukatu dute partaideek laster egiten zuten bitartean.

Orain, Korrika eguneroko lasterketa bihurtzea falta da. Euskara izugarri aitzinatu da azkeneko 40 urteotan Beran. Hezkuntza arloan nabaritu da gehien (ikasle gehienek D ereduan ikasten dute), baina pentsaezina zen egoerara ailegatu da administrazioan ere (UEMAko kidea da Bera, 2007az geroztik). Kultur ekitaldi gehienak euskaraz egiten dira, eta bertze hainbat esparrutan ere bide aunitz zabaldu ditu. Baditugu euskarazko hedabideak (tartean erran.eus hau bera, ongi etorri!). Baina erronkak ere izugarriak dira: lan-munduan, helduen euskalduntzean, eta batez ere, erabileran. Hor dugu eman beharreko pausu haundia. Ezagutzari irabazi dioguna, oraindik, ez diogu arrontean irabazi erabilerari, eta gaztelania nagusitzen da Berako eguneroko hainbat arlo, erakunde, karrika eta xokotan.

Badugu lana euskara korrika joan ez dadin Berako karriketatik, eta Korrika bezala, eguneroko ilusioa izan dadin!

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun