Entzun eta isil

Erabiltzailearen aurpegia Monika Agirre Cascallana 2024ko urt. 20a, 09:30

Aitzinekoan, kotxeko depositua bete bitartean, hitzaspertuan aritu nintzen gasolindegian zegoen batekin: euria iragarria zutela, fresko zegoela... Halako batean, isiltasuna haustea helburu zuen elkarrizketa hartan, ez dakit zeren harira, honakoa bota zidan parean nuenak: «Horiek kanpotik etortzen dira hemen lan egitera eta hemengoak lanik gabe uzten dituzte». Hitzik gabe gelditu nintzen. Ustekabean harrapatu ninduen eta ez nintzen gai izan deus erantzuteko.

Garesti ordaindu, kotxea hartu eta alde egin nuen, gasolindegikoarekin haserre. Zera pentsatu nuen: «Zer uste duzu etorkinak gustuz etortzen direla? Zure atta ez al zen Extremaduratik etorri Lesakako fabrikarat lanera? Nork zaintzen du zure ama?». Eta, handik guttira, neure buruarekin haserretu nintzen: «Urde mottela, zergatik ez diozu deus erran?».

Geroztik, arantzatxoa gelditu zait. Halakoetan, pentsatzea ez da aski izaten, desadostasuna adierazi behar da, bertzenaz, nahi gabe bada ere, gure isiltasunak halako ideiak indartzen ditu.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun