Zer etorri zaizu burura izenburua irakurrita? Urteetan hutsik egondako etxebizitza batean dauden gazteak? Oporretan joandako amona baten etxera sartutakoak? Gaztetxe bat? Estatu Batuen armada lurralderen bat militarki okupatzen?

Orain arte idatzitakoetan bezala, ulermen marko hegemonikoari kritika egiten saiatuko naiz, gaurkoan okupazioari helduz. Izan ere, gaia definitu gabe, zertaz hitz egiten ari garen ere zehazki jakin gabe, komunikabide nagusiek milaka aldiz jaurti digute okupazioaren kontrako mezua. Zergatik? Zer okupazio?

Okupazio gisa definituko dugu pertsona edo talde batek espazio edo propietate jakin bat eskuratzea, jabetza juridikoa haiena ez denean. Beraz, okupazioarekin de facto hausten dena gaur egungo legedia da. Legea haustea gaizki dagoela dio zentzu komunak, baina hala al da? Etikoki begiratuta, ez da dudarik egonen ongi dagoena gizadiaren ongizatea bilatzea dela, eta hain zuzen legedia ez dago horretarako sortua, baizik eta propietate pribatua, azken buruan kapitalismoa, erreproduzitzeko tresna bat da. Ez dut esan nahi legea haustea ongi dagoenik, baizik eta «legeak dio» argudioak ez duela balio.

Arrotxapeako gaztetxea desalojatu zuten irailaren 8an. Urtetan erabili gabeko La Caixaren propietate bat, auzoari bizitza emateko eta antolakuntza politikorako bitarteko bihurtu zutena, legedia aplikatu eta kolore guztietako poliziak arduratu ziren husteaz.

Pentsa dezakegu legea aldatzea litzatekeela soluzioa. Hor (ez) dago gakoa hain zuzen! Legedia bera, orokorrago zuzenbide estatua, diru pilaketan oinarritutako kapitalismoa mantentzeko tresna da! Legeak lege izateko ezin du propietate pribatu sakratuaren kontra egin, ezin du bere izatearen arrazoiaren kontra egin.

Gasteizko Zentro Sozialista desalojatzeko agindua emana zegoen irailaren 15erako. Kasu honetan Laboral Kutxaren propietatea, gaur egun antolakuntza politikorako gunea, elikagai eta oinarrizko produktuen biltegia, larrialdi egoeretarako etxebizitza dena. Ezin izan dute oraindik hustu, Zentro Sozialistako kideek egindako presio kanpainari esker. Ikusi beharko da zer gertatzen den halere.

Legearen aplikazio bat edo bestea ere, ikus daitekeenez, kontra egiten zaion indarraren araberakoa da. Hortaz ari gara ba, gizadiaren ongizatea bermatuko duen errealitate baten eraikuntzaz, edo beste modu batera esanda, langileriaren antolakuntzaz. Ez gara ari han edo hemen okupatutako etxe batez, dena dago jokoan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun