Eman besarkada euskarari

Erabiltzailearen aurpegia Maialen Belarra Eneterreaga 2020ko aza. 15a, 12:00

Orain dela bizpahiru aste Osasuna futbol taldeak mende bat bete zuen. Ez naiz bereziki futbolzale amorratua, baina nafarra naiz, eta oraingoan gutako aunitzen haserrea piztu dute. Mendeurrena ospatzeko zer eta gaztelania hutsean dagoen abestia sortu dute. Nafarroan, euskararen herrian; gaztelaniaz. Osasuna valiente, juega con ilusión dio abestiak, baina nik koldar samarrak izan direla erranen nuke.

Ez dira koldar bakarrak, zoritxarrez. EITBk zuzendari berria dauka, Andoni Aldekoa, EAJk eta PSEk aukeratua. Baina ETBko erredakzio kontseiluak salatu zuenez, Aldekoak ez du euskara behar bertze menderatzen. Nola da posible euskal irrati eta telebista publikoko zuzendariak euskara ez jakitea?

Era berean, sare sozialetan maiz izaten ditugu gaztelaniatik gaizki euskaratutako hainbat kartel. Txistetzat hartzen dituzte aunitzek, baina ez dute inolako graziarik. Hor argi uzten dute erakunde eta enpresa horiek ez diotela inolako errespeturik euskarari. Eta hori iraingarria da. Politikari aunitzek euskaraz hitz egitean zer erraten ari diren ez jakitea bezain iraingarria. Edo inguruko osasun etxeetan pediatra edo ginekologo euskaldunik ez izatea bezain iraingarria.

«Gu ere erosotasunean alfer bilakatu gara, eta hein batean, koldar»

Hala ere, gure zilborretara begiratzea ere beharrezkoa dela uste dut. Aldizkari honetan duela gutti irakurri nuen bezala, gure egunerokoan euskara maskotekin eta seme-alabekin erabiltzeko hizkuntza bilakatu da aunitzentzat. Gu ere erosotasunean alfer bilakatu gara, eta hein batean, koldar. Batzuetan badirudi azkar ahantzi dugula gure gurasoek egindako ahalegin izugarria. Non gelditu dira haien borroka eta militantzia? Euskara berriz ikasteko hautua egin zuten; euskara biziberritzeko eta erabiltzeko erabaki politikoa hartu zuten. Eta inoiz ez diet behar adina eskertuko haien kemena eta borroka. Garbi dago agintariek ez digutela deus oparituko; gu gara aitzinekoek ereindakoa jaso eta ondorengoei haziak prest utzi behar dizkiegunak.

Ate joka dugu berriz ere Euskaraldia; aprobetxa dezagun aukera. Prest izan belarriak, eta bizi-bizi ahoa, gure hizkuntzak behar gaitu eta. Etxean eta kalean, berdin-berdin jolasean. Gure askatasuna hain mugatua dagoen honetan ere, egin dezagun euskaraz. Jolastu, aldarrikatu, kantatu nahiz maitatu euskaraz. Dakitenek erabiliz, eta ez dakitenek ikasiz, hori delako bidea.

Baina ez dadila bi asteko anekdotatzat hartu; alda ditzagun gure ohiturak, gure konfort-eremutik ipurdia altxa, eta egin dezagun jauzi euskararen besoetara, euskarak ez baitu koronabirusik.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun