Amak eta indigenak

Urtero bezala ama hizkuntzaren nazioarteko eguna ospatu zen otsailaren 21ean eta aurten, gainera, Nazio Batuen Erakundeak 2019a Hizkuntza Indigenen Nazioarteko Urtea izendatu du, beraz indar bikoitza izan zuen egunak.

Hasteko, eztabaida sortzen dute terminoek. Alde batetik, ama hizkuntza, etxeko hizkuntza edo lehenbiziko hizkuntza deitzeak jende sobera uzten du kanpo, gure hizkuntzaren biziberritze prozesuan hain garrantzitsuak izanik ere maiz imajinario kolektiboan bigarren mailako euskalduntzat ditugunak. Are gehiago, adibidez, Lorea Agirrek erraten du euskara hizkuntza emetzat dugula, etxekoa, maitatu eta babestu beharrekoa... bide hori aski ongi garatu ondotik hizkuntzaren eta generoaren ahalduntzea batzen ditu askapen prozesu berberean: jakin, jabetu, ahaldundu, boteretu. İIldo berberetik doaie aitzineko artikuluko Jin, Jîyan, Azadî û Ziman kurduen leloa (Emakumea, Bizitza, Askatasuna eta Hizkuntza). Bertzalde, hizkuntza indigena edo jatorrizko hizkuntza bezalako terminoen definizioa eskasa da eta mahai gainera ekarri ordez iduritzen zait euskaldunok (baina ez bakarrik guk) komeni zaigularik salto egiten dugula multzo horren barne edo kanporat, behelaino artean ez dugula sobera argi zer garen eta akaso argitzea ere ez zaigula sobera interesatzen.

Duela gutti Txerra Rodriguezek ama hizkuntzaren egunaren kontra (eta alde) idatzi zuen bere blogean eta ospakizuna berrizendatzea proposatu zuen: hizkuntzaren biziberritze mugimenduaren aldeko (nazioarteko) eguna. Urtearekin ere halatsu eginen nuke nik, izenetik hasita mundua hizkuntza guttituen alde mugitzera bultzatu, erratetik ekitera, Amets Arzallusek ere aski ongi erran baitzuen munduko bertze hizkuntza guttitu aunitzendako baliagarri dena: «orain denak daude euskararen alde, baita bere heriotza diseinatu eta praktikatu zutenak ere». Otsailaren 1ean, New York-en Nazio Batuek duten egoitzan egin zen Hizkuntza Indigenen Nazioarteko Urtearen inaugurazio ofiziala eta ekitaldi horretan Elias Caurey-ek hartu zuen parte. Elias Boliviako hizkuntza aktibista guarania da eta Garabidek eta Mondragon Unibertsitateak antolatutako Aditu ikastaroaren III. edizioan parte hartu zuen. Hemen hasierako bere esaldi bat: «Abya Yalako nazio indigenak beti egon gara hemen, gure plazenta hemen dago eta hemen hilko gara. Horregatik munduko foro honetan errespetua eskatzen dut gure lurrekiko eta gure hizkuntzekiko».

Terminoak termino, egoera da terminala: bi astetik behin hizkuntza bat hiltzen da. Edo hiltzen dugu, afera politikoa baita, milaka urteko historia, ondarea eta mundua eraldatzen segitzeko aukera. Akaso oraindik ere komeni da oroituaraztea hizkuntzaren bidez komunikatzetik aunitzez ere haratago goazela, gure identitatea definitzen dugula, gure kultura eta historia babesten eta giza eskubideak defendatzen ditugula,  gizartearen aspektu guztietan hartzen dugula parte eta, finean, hizkuntza etorkizuna eraikitzeko tresna baliotsua dela. Beraz, ezin dugu esperoan egon ekiteko, oroitu: jakin, jabetu, ahaldundu, boteretu. Hori da hizkuntza lankidetzaren egunerokoa, hortaz Garabiden antolatutako ekintzetan aurten bereziki auzolanera deituak gaude.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun