«Ederra zen bera ere». «Umeen zaintza bereganatu nahi zuen». «Berak gonbidatu zuen etxera lotara». Halako esaldiak ohikoak izaten dira inguruan eraso matxista edo sexu abusu bat gertatu ondotik –anitzetan, gainera, erasoa xuxen nola gertatu den arrastorik izan gabe–.

Zalantzan jarri ohi da emakumeak –alegia, erasoa pairatu duenak– eraso hori jasotzeko moduko ekintzarik egin ote duen: galtza motzegia ote zuen, dantzatzeko modu sexyegia, umore txarregia; independenteegia ote zen, edo pentsatzen duena errateko ausartegia. «Ez, ez; ez naiz ari erasoa justifikatzen», izan ohi da erantzuna horrelakoak erraten dituztenei horretan ari direla ohartaraziz gero. «Ez naiz ari erasoa justifikatzen, baina, berak ere...».

Ideia bat dago esaldi horren gibelean: modu batera edo bertzera, emakume horrek merezi zuela egin ziotena; berak duela erruaren parte bat, finean. Parte bat, edo osoa.

Emakumeek eta gizonek egindako ekintzak parekatzen dituzte halako esaldiek, halaber; kontuan hartu gabe baten eta bertzeen jokamoldeen abiapuntua guziz ezberdina dela. Orain dela aste batzuk izan genuen eztabaida, emakumeen arteko bazkari batean: berdina ote da gizonezko batek emakume bat hiltzea edo emakume batek gizona? Bada, ez, ez da berdina; alde batetik, norabide batean gertatzen dena bertze norabi-dean ez delako ia gertatzen: 2003tik hona Euskal Herriko 113 gizonek 113 emakume hil dituzte. Urtean sei emakume, banaz bertze. Hildakoak, beti, emakumeak dira; eta, hiltzai-leak, beti, gizonak. Zenbat dira bitarte horretan emakumeek hil dituzten gizonezkoak? Eta ekintza hain itzulezinetara joan gabe, zenbat dira emakumeek bortxatu dituzten gizonezkoak? Edo zenbat emakume dira haurrez abusatu dutenak? Erantzuna guzietan bera da: hagitz guti, edo bat ere ez.

Baina kontua ez dago datuetan bakarrik. Kontua da zer dagoen indarkeria mota horien guzien gibelean. Gizonezko batek ez bailuke emakume bat hilko (edo bortxatuko, erasoko), ez baluke lehendik horretarako botererik, pribilegiorik sentituko. Eta botere hori ekintza ttikienetatik hasten da: ostatu edo plaza batean espazio guzia okupatzeko eskubidea duzula pentsatzetik –eta hori praktikan jartzetik–; karrikatik pasatzen den emakume bati piropo bat botatzeko, eta, beraz, bere espazioa inbaditzeko eta hari buruzko iritzia emateko eskubidea duzula pentsatzetik –eta hori praktikan jartzetik–; emakumeei buruzko mezu guttiesgarriak lasai ederrean erratetik –eta horiei irri egitetik–; lan beragatik arrazoirik gabe soldata handiagoa kobratzetik; gurasoek euren alabei bestara doazela kontuz ibiltzeko eta semeei ongi pasatzeko erratetik…

Emakume baten aurkako eraso bat gertatzen denean, beraz, beharbada ez genuke galdetu beharko berak ere zer egin ote duen, baizik eta erasoa egin duen gizon horrek, lehenago, bertze zenbat gauza egin ote dituen. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun