Artikulu hau idazten ari naizela, konfinamendu bete-betean nago (bai: Lesakako sanferminetako boleto zortedun horietako anitzen erosle sutsua ni ere). Koronabirusa zintzo xamar portatzen ari da gurean: sintomak baditugu, baina ez zakarregiak, eta egunetik egunera hobera joaten ari gara. Asperdura eta nekea, aldiz, gero eta handiagoak bihurtzen ari zaizkigu.

Hasiak gara –pribilegiatuak gu– terrazan kirol ariketa xelebreak egiten, karta joko berriak deskubritzen, gauetan serieak edo filmak irensten; eta, ez dut ukatuko, etxetik inork nabaritu gabe atera ahal izateko tranpak pentsatzen ere bai. Nik Iñigo Martinezi behin eta hark Henri Charierreri noizbait irakurri gisan, preso ororen «betebeharra» baita ihes egitea; eta, beraz, baita ihesaldi hori nola egin pentsatzea ere (idazten ari naizen honetan, zehatz dezadan, ez naiz oraindik eskapatu).

Ez da ideia berria, baina preso ditugun lagunengana eraman dit gogoa berriz ere egunotako itxialdiak. Burura ekarri dizkit, erraterako, duela ez hainbertze horietako batek idatzitako gutunean zehazturiko hobekuntzak, kartzelaz aldatzeagatik lorturikoak. Kontatzen zidan, adibidez, aldatu zaizkiola bistak: orain arte kartzelako pareta baino ez zuela ikusten ziegako leihoaren bertze aldean; eta, orain, aldiz, zelaiak, traktoreak, zuhaitzak, muinoak, eta eoliko batzuk; nik Lesakako karrikak, Frain mendia, hainbat baserri, eta bizilagunak ikusten ditudan bitartean –batzuekin leihotik leihora solastatzeko aukera eta guzi-; eta orain arte honetaz ohartu ez! Kontatzen zidan, halaber, preso sartu zutenetik lehenbiziko aldiz ikusi ahal izan zuela ilunabarrean eguzkia sartzen -urte mordoxka bat pasatu ondotik-; ederra izan zela. Eta hunkitua ni, ez irri ez negar, zer egin ezin jakinik. Eta kexaka gu, hamar egunez etxeko leihotik ikusi behar izan dugulako ilunabarra, eta ez, adibidez, Agiñako kaskotik. 

«Eta kexaka gu, hamar egunez etxeko leihotik ikusi behar izan dugulako ilunabarra, eta ez, adibidez, Agiñako kaskotik»

Artikulu hau irakurtzen ari zarela, dena den, karrikan egonen naiz seguru aski; eta ez tranpa egin dudalako: lehendabiziko PCRa egin nuenetik jada hamar egun pasatu direlako baizik. Hamar egunean askatasun egun bat, ez dago hain gaizki. Gogorarazi dit joan den astean Etxerat euskal presoen senideen elkarteak agerraldia egin zuela Bilbon, salatzeko Espainiako Auzitegi Nazionala legez dagozkien baimenak ukatzen ari zaizkiela euskal presoei. Egun batez edo batzuez kartzelatik ateratzeko baimenak dira, urtean kopuru mugatukoak, eta gero berriz kartzelara buelta egin behar dute presoek –preso arruntek izaten dituzte maiz-. Honela azaldu zuen Nekane Basaurik, Joseba Arregi Erostarbe presoaren bikotekideak, prentsaurrekoan: «Josebak ia 30 urte daramatza espetxean, eta ez du izan baimen bakar bat ere. 30 urtetan ez da egon segundo bakar batean ere kalean». Ihes egiteko betebeharra, baina ez aukera... Hori bai konfinamendua, eta ez gurea!

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun