Sare (iraultzaile) sozialak

Gaur den egunean, ia denok erabiltzen ditugu sare sozialak gure egunerokoan. Telefono bidezko elkarrizketek Whats-Appari utzi diote lekua, egunkarietako berriak Twitter eta Facebook bidez elkarbanatzen ditugu eta gure opor liluragarrien argazkiak Instagramen erakusten dizkiogu munduari. Hauek gabeko eguna imajinatze hutsa, amesgaizto bilaka daiteke gutako anitzendako. Ni, ordea, ez naiz haienganako dugun menpekotasunaz solastatuko ondoko lerroetan, horri buruz anitz mintzatzen garela uste baitut. Sare sozialek herri mugimenduetan duten eragina izanen dut hizpide.


Bertze gauza anitz bezala, sare sozialen bidez, ziztu bizian zabaltzen dira manifestaldi, mobilizazio eta ekimenen kartelak, telefono edo ordenagailuko tekla soil bati eragin bezain fite. Edozein komunikazio kanpainatan, leku garrantzitsua hartu dute eta anitzetan ohiko kartel, zelo eta kolaren lagun izateaz gain, hauek ordezkatzera ere ailegatu dira. Inprobisatutako mobilizazioak hauspotzen ere laguntzen dute, bere garaian 15M mugimenduarekin eta bertze hainbatekin ikusi izan dugun bezala. Ezin atzendu bide «ofizialetik» ailegatzen ez zaizkigun albisteen zabalkundean betetzen duten paperaz. Hamaika gauza on idazten ahal dira hauen inguruan... baina alderdi onak txarrak baino gehiago al dira?


Horretan zalantza handiak sortzen zaizkit. Zaila da erantzutea, baina gutxienez hausnarketa sakon bat egin behar dugula pentsatzen dut. Edozein ekintzaren hedapenerako eraginkorrak direla aipatu dut lehen, baina gero eta gauza gehiago ailegatzen zaizkigu eta horrek gugan nolabaiteko apatia eragiten duela iruditzen zait. Sorpresa eta jakin-min faktoreak aspaldi erre genituen eta nahiz eta aise jende gehiagoren begietara ailegatu, gehienak ez dira burmuin edo bihotzak kitzikatzeko gai. Gauza bera gertatzen da injustizia eta ustelkeriaren inguruko albisteekin ere. Konpartitu bai, konpartitzen ditugu eta sarean berri hauek sortarazten diguten haserre edo samina adierazten dugu. Baina hondartzako ume etorkinaren gorpua, diru-publikotik lapurtutako milioika euroak edo euskararen kontra zenbait politikarik botatzen dituzten astakeriak asimilatzen irakatsi digute sare sozialek.


Milaka Atsegin dut eta partekatze zein iruzkinek sare sozialak betetzen dituzten bitartean, karrikak gero eta hutsago daude.  Ezin dugu atzendu, historian zehar eskubide guziak karriketan borrokatu direla, internet  existitu baino aise lehenago. Hortaz, helburuak lortzeko erreminta bezala ongi daude, baina ezin dira erreminta bakarra izan, ezta helburua bera ere.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun