[BIDEOA] 50. urteurreneko bigarren ospakizun jendetsua egin du Lesakako Tantirumairu ikastolak

Ttipi-Ttapa 2024ko api. 15a, 12:00

Otxogorrienetik plazarako ibilbidea egin dute larunbat arratsaldean, ikasle ohien protagonismo bereziarekin

Mende erdia bete du ikasturte honetan Lesakako Tantirumairu ikastolak eta 50. urteurreneko bigarren ospakizun jendetsua egin dute apirilaren 13an, larunbat arratsalde eguzkitsu eta beroan, Eta elkartuko gara berriro goiburupean.

Ikasturte hasieran egin zuten lehen ospakizuna, urrian, Intxaurrenea eta Tantaia inauguratuz. Larunbateko ibilaldia, hain zuzen, Tantaian hasi zuten, pailazoak eta Xabilete bere gurdian gidari zituztela. Musikarien laguntzarekin Alondegirako bidea egin zuten lehenik eta han ikastolako ikasle ohiek osatutako rock taldeak Agate Deunaren bertsio modernoa eskaini zuten.

Ondotik, Bittiriko plazan, bertso eskolako haur, gaztetxo eta gazteen Gu sortu ginen bertso-xortaren txanda izan zen. Gurutzetxean Makilakixki emanaldia izan zen txistularien eskutik eta karrikaz karrikako ibilaldia herriko etxean bukatu zen. Plazan, Aldapeko dantza eskaini zuten hainbat dantzarik, ibilaldia bukatzeko. Plazan jan-edatekoak, musika, eta ikastolaren 50. Urteurreneko materiala salgai izan zen.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun