‘Ohi dena edatea gehiegi izan daiteke’ kanpaina abiatu du Bortzirietako Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateak

Ttipi-Ttapa 2024ko api. 15a, 09:00

Uda giroan nerabeak besta giroko baimenak eskatzen hasten dira eta familia bat baino gehiagotan eztabaida, negoziaketa, mugak jartzea, aholkuak ematea edo informazioa eskaintzea tokatzen da. Garai horri aurre hartuz  Bortzirietako Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko prebentzio lan ildotik, gurasoei gutun bidez informazio eta sentsibilizazio kanpaina bat helarazten zaie.

Aurtengoan Bortzirietako ehun bizitegietara igorri dituzte gutunak eta bertan, Ohi dena edatea gehiegi izan daiteke kanpainako esku-orria atxikitzearekin batera, hezitzailearen oinarrizko pautak eskaini dituzte.

Erraterako, nerabeetan berezkoak diren portaera ezaugarri zenbait aintzat edukiz (inpultsibitatea, pairatzen den taldeko presioa, gozamen azkarra bilatu beharra, arriskuekiko pertzepzio murritza, …) egoera konplexuetan erabaki egokiak hartzeko izan ditzaketen zailtasun edo mugak argi utziz: elkar nola zaindu, laguntza nola eskatu, egoera bortitzei nola iskin egin,…

Lanketa horren osagarri moduan, jendarte orokorrean alkohol kontsumo normalizatu baten jarreratik aldentze aldera, sentsibilizaziorako kartelak paratuko dituzte bortz herrietan; eta tokiko komunikabideetan Nafarroa mailako kanpaina honen web gunerako lotura ere eskainiko da, heziketa eta prebentzio lan bat egiteko; izan guraso, izan begirale, izan irakasle, barride, saltzaile edo lagun…, informazio kontrastatua eta orientabideak izatea eskertzekoa baitira: https://beberlonormal.navarra.es/eu/hasiera

 

'Ohi dena edatea gehiegi izan daiteke' kanpainarako erabili den karteletako bat.

 

Erlazionatuak

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun