Ipar martxa hastapen ikastaroa antolatu du Lesakako San Fermin erretiratuen elkarteak

Ttipi-Ttapa 2024ko api. 11a, 20:00
Lehendik ere antolatu ditu ipar martxa ikastaroak San Fermin elkarteak.

Apirilaren 20an izanen da ikastaroa eta biharamunean kantu bazkaria izanen dute

Lesakako San Fermin elkarteak, Lesakako Uudalaren eta Nafarroako Gobernuaren laguntzaz, ipar martxa hastapen ikastaroa antolatu du apirilaren 20an, larunbatean 10:00etatik 13:00etara. 15 euro ordaindu beharko dute bazkideek eta 30 euro bazkide ez direnek.

Plaza mugatuak izanen dira eta txartelak erosteko azken eguna apirilaren 18a izanen da, jubilatuen ostatuan. San Fermin elkartetik jakinarazi dutenez, irakasleak eramanen ditu makilak, eta ikastaroan parte hartzen dutenek, berriz, oinetako eroso eta arinak, arropa erosoa eta motxila ttiki bat (ura) eraman beharko dituzte. Ipar martxaren alderdiak, makilak erabiltzeko moduak, hainbat lurretara egokitzea eta ipar martxa irteera izanen dituzte.

Apirilaren 21ean bazkaria eta kantuak

Biharamunean, apirilaren 21ean, bazkaria eta kantuak izanen dituzte jubilatuen ostatuan, igandean 14:00etan. Txartelak hartzeko azken eguna apirilaren 16a izanen da jubilatuen ostatuan (22 euro).

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun