Komikialdia eginen dute Beran apirilaren 8an hasi eta maiatzaren 21era arte

Ttipi-Ttapa 2024ko api. 5a, 11:00
Komikialdiaren barrenean, Joseba Larratxek 'Ni ez naiz Mikel Laboa' liburua aurkeztuko du.

Berako Kultur Batzordeak Komikialdia antolatu du apirilaren 8tik maiatzaren 21era. Komikiari buruzko ziklo bat izanen da eta bertzeak bertze, ikasleendako tailerrak, erakusketak eta 'Ni ez naiz Mikel Laboa' komikiaren aurkezpena eginen dituzte.

Tailerra lau ikastetxeetako ikasleek eginen dute, eta Joseba Larratxe komikigileak emanen du. Lehen Hezkuntzako 5. eta 6 mailako eta DBHko 1. eta 2. mailako ikasleek hartuko dute parte tailerrean, ikastetxe bakoitzetik 25-30 ikasleek. 

Bertan, komikiarekin lehen harremana izanen dute eta komiki bat lantzen hasiko dira. Ondotik, komiki hori lantzen segituko dute ikastetxean bertan bertako irakasleekin. Ikasle bakoitzak 4 binetarekin zinta bana osatuko du.

Horrekin batera, ikastetxe bakoitzean 10-15 komikiz betetako maleta bana utziko du Larratxek ikasleentzako. Maleta horiek Komikialdiak irauten duen denbora guztian egonen dira ikastetxeetan.

Euskal Irudigileen elkarteko erakusketa

Tailerrez gain, Euskal Irudigileak 20 urte erakusketa ibiltaria ere paratuko dute. 300 ilustrazio baino gehiago biltzen ditu erakusketak, eta Euskal Herrian dagoen talentua ezagutzeko aukera izanen da. Erakusketa osatzeko, lau ikastetxeetako ikasleek komiki tailerrean egindako lanak erakutsiko dituzte. 

Erakusketa ikustera ikastetxeetako ikasleak joanen dira, eta tailerra egin duten ikasleek bisita gidatu berezia eginen dute Euskal Irudigileen Elkarteko partaide batzuekin.

Publiko orokorrarentzako ere irekiko dute erakusketa. Hain zuzen, maiatzaren 10ean eta 17an 16:30etik 18:30era eta maiatzaren 11n eta 18an 11:00etatik 13:00etara ikusteko aukera izanen da.

Maiatzaren 9an, aldiz, Joseba Larratxek Euskadi Saria irabazi duen Ni ez naiz Mikel Laboa komikia aurkeztuko du 18:30ean Beralandetan.

Gainera, Komikialdian parte hartuko dute herriko bi liburu dendek: Igonek eta Agarak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun