Lesakan lehen aldiz antolatutako San Fermin lau eta erdiko pilota txapelketan izena emateko epea martxoaren 31n bukatuko da

Ttipi-Ttapa 2024ko mar. 27a, 16:00
Urtetan pilota irakasle eta sustatzaile izan zen Benito Tainta Lesakan. 2010eko argazkian, Arkupe elkartearen 25. urteurrenean egindako omenaldian ageri da, Jose Luis Tainta semearekin eta Iker Tainta bilobarekin batera.

Benito Tainta zenaren oroimenez antolatu du lehen aldiz Arkupe pilotazale elkarteak eta sanferminetan, uztailaren 9an, jokatuko dituzte finalak

Duela aste batzuk bukatu zen eskuz binakako pilota txapelketaren ondotik, Lesakako Arkupe pilotazale elkarteak lau eta erdiaren barreneko eskuz banakako pilota txapelketa antolatu du lehen aldiz, Benito Tainta zenaren oroimenez. Lau kategoriatan jokatuko dute: 2009 urtetik honat jaiotako neskak, mutiko gaztetxoak (2008-2009), mutil gazteak (2006-2007) eta gizonezko nagusiak. Martxoaren 31 arte eman daiteke izena.

Kategoria bakoitzean 32 pilotari onartuko dituzte gehienez  eta kanporaketa moduan jokatuko da. Apirilaren 21ean hasita, neskak, gaztetxoak eta gazteak igande goizetan ariko dira Lesakako, Sunbillako eta Doneztebeko pilotalekuetan eta gizonezko nagusiak ortzegunetan Lesakako pilotalekuan. Finalak uztailaren 9an jokatuko dituzte, Lesakako sanferminetan.

Izena martxoaren 31 bitarte eman daiteke, joseluistainta@gmail.com edo salaae@gmail.com helbide elektronikoetan. Izen-emate orrian telefonoaren zenbakia eta posta elektroniko helbide bat jarri behar da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun