Eskolako jardunaldia erabakitzerakoan gehiengoaren nahia errespetatzeko eskatuko dute gaur Iruñean

Ttipi-Ttapa 2024ko mar. 25a, 20:00
Etxalarko eta Lesakako eskoletako hainbat familiak elkarretaratzea egin zuten Etxalarren «eskolako jardunaldia erabakitzeko egin den prozesuarekin ez daudela ados» adierazteko.

Eskolako jardunaldia erabakitzeko Hezkuntza Departamentuak egin duen prozesuarekin ez daudela ados adierazteko, gaur asteartea eguerdiko 12etan, Hezkuntza Departamentuan biltzeko deialdia egin dute hainbat gurasok. «18 ikastetxe gaude egoera honetan» eta gobernuaren aldetik «erantzunik jaso ez dugunez, kalera goaz» egoera «behin eta berriz salatzeko».

Zabaldutako oharrean adierazi dutenez, «jardunaldi aldaketaren prozesuaren inguruan gertatutakoak haserrea, frustrazioa eta inpotentzia» sortu du guraso aunitzengan.

«Gimeno kontseilariak argitaratu duen Foru Agindua guztiz antidemokratikoa» izan dela diote, «baldintza ilunez betea». Guraso hauen iritzian «bozketarako baldintzak injustuak eta antidemokratikoak izan dira. Jardunaldi jarraituak aitzinera egiteko 3/5ek baiezkoa ematea beharrezkoa izan da, bertze baldintza injustuen artean. Inposizio hauen ondorioz gure eskoletan, nahiz eta gehiengo handi batek jardunaldi jarraituaren alde bozkatu, hurrengo lau ikasturteetan gure haurrak jardunaldi zatitua izatera behartuta egonen dira».

Adibide gisa Etxalarko eskolan gertatutakoa aipatzen dute. «Etxalarren 18 bozka jardunaldi zatituaren alde eta 34 jarraituaren alde (ia bikoitza). Nola uler daiteke gehiengo handi baten nahia ez errespetatzea eta jardunaldi zatitura bueltatu behar izatea?» salatzen dute. Eta Etxalarren bezala, Nafarroa osoan «18 eskola» daude egoera berean.
 
Horiek horrela, Nafarroako Gobernuaren aldetik ez erantzunik ez irtenbiderik ez dutenez, «kalera» aterako direla iragarri dute, sortu den egoera «behin eta berriz» salatzeko. «Gure haurren bizitza da!» aldarrikatzen dute.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun