Eskolako jardunaldia erabakitzerakoan gehiengoaren nahia errespetatzeko eskatu dute Etxalarko eta Lesakako eskoletako hainbat familiak

Ttipi-Ttapa 2024ko mar. 6a, 13:00
Astelehenean elkarretaratzea egin zuten Etxalarko eta Lesakako eskoletako hainbat familiak Etxalarren.

Etxalarko Landagain eskolako eta Lesakako Irain eskolako hainbat familiak elkarretaratzea egin zuten astelehenean Etxalarren, heldu den ikasturteetan euren seme-alaben eskolako jardunaldia erabakitzeko egin den prozesuarekin ez daudela ados adierazteko. Bi ikastetxeetan familien gehiengoak jardunaldi jarraituaren alde egin dute, baina aldaketa egiteko gobernuak ezarritako boto kopurura ez dira ailegatu. 

Nafarroako Gobernuak pandemia garaian ezarri zuen jardunaldi jarraitua, eta Etxalarko eta Lesakako gurasoek ohar bidez oroitarazi dutenez, «geroztik, urtero aukeraketa egin behar izan da modu probisionalean, lege berri bat prestatzen ari zirelako». Araudi hori joan den azaroan atera zuen gobernuak, 106/203 Foru Agindua, jardunaldi motak arautuz eta jardunaldi zatitua ezarriko zuela adieraziz. Hala, bertzelako jardunaldia nahi izan duten ikastetxeek botazio prozesu bat ireki behar izan dute: «Nafarroako 170 ikastetxe publikoetatik 159k Eskola Kontseiluan prozesua irekitzeko botazioa egin zuten», jakinarazi du bi ikastetxeetako guraso taldeak. Eta honela gaineratu du: «Agindu honek berezitasun bat planteatu zuen; jardunaldi jarraitua izan nahi zuen ikastetxeak erroldatuen % 60aren botoak behar zituen».

Etxalarko eskolan bi botorengatik jardunaldi zatitua

Etxalarko Landagain eskolako familien % 65ak (34 boto) jardunaldi jarraituaren aldeko apustua egin zuen eta % 35ak (18 boto) zatituaren alde. «Botoa eman ez zutenak kontuan hartu direnez, jardunaldi jarraituaren aldeko portzentajea %58ra jaitsi da eta bi botorengatik, familien gehiengoaren nahia izan arren, hurrengo lau ikasturteetan jardunaldi zatitua izanen da Landagain eskolan».

Lesakan ere gehiengoa jarraituaren alde

Lesakako Irain eskolan, familien % 53,4k jarraituaren alde egin zuen, gehiengoak beraz. «Baina Nafarroako Gobernuak Foru Aginduan eskatutako % 60ra ez ailegatzeagatik, jardunaldi zatituarekin segituko dute».

Etxalarko eta Lesakako familiek aitortu dutenez, egoerak «haserrea, frustrazioa eta inpotentzia» sorrarazi dizkie, «ez baitugu ulertzen nola ez den errespetatzen gehiengoaren aukeraketa». Hala, «botazio sistema injustu eta antidemokratikoa» salatu nahi izan dute, eta Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuari «Nafarroa mailako datu guztien irakurketa egiteko» exijitu diote, baita «familien gehiengoaren adierazpenak errespetatzeko eta foru agindua indargabetzeko» eskatu ere.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun