Txileko hezitzaile batek egonaldia egin du Berako Mukixu haur eskolan

Ttipi-Ttapa 2024ko ots. 8a, 12:00
Cristina Obando Acuña Txileko hezitzailea Berako Mukixu haur eskolan.

Berako Mukixu haur eskolan, Txileko Los Rios eskualdetik etorritako Cristina Obando Acuña hezitzailearen bisita izan dute. Obando JUNJI instituzioko Paillaco komunako Raices de mi Pueblo haur eskolako hezitzailea da, eta Beran aste bateko egonaldi pedagogikoa egin du.

«Nire eginkizun profesionaleko ezagutzak aberastu eta hazkunde profesional eta pertsonal bat izateko etorri naiz hona», kontatu dio Obandok TTIPI-TTAPAri. Kontatu duenez, lan egiten duen haur eskolan pedagogia aldaketa bat egiten ari dira, eta ederra izaten ari da beretzat «hainbertze testutan irakurritakoa bertatik bertara bizitzea Mukixun».

Pasa den ortziralean ailegatu zen Berara, eta gaurkoa izan du azken eguna Berako haur eskolan. Hurrengo egunetan, bertze haur eskola batean izanen da bisitan eta heldu den astean itzuliko da Txilera.

2020an, pandemia betean, lan egiteko modua aldatzen hasi ziren lan egiten duen eskolan. «Gelditu eta egiten ari ginena aztertu genuen, eta geroztik  aldaketa haundiak egiten ari gara gure haur eskolan, Pikleriar pedagogia gure eguneroko egitekoan integratuz». Hori dena, gainera, familiekin batera eskuz esku landu dutela kontatu du. «Baina, orain arte hori falta zitzaigun, ni hemen egiten ari naizena: leku batean egon eta behatzea: ikustea nolakoa den helduen jarrera, nola garatzen den haurren portaera, nola sozializatzen diren… Lantzeko puntu aunitz daude eta egun bakoitzean begirada gauza batean paratu dut».

Mukixun langileek eta haurrak behatzen aritu da batez ere, eta baita oharrak hartzen ere. Hainbat kontuk harritu dute, tartean gehien harritu duena «bertako hezitzaileek duten sentsibilitatea da, lanerako duten sotiltasuna eta ahotsaren tonua aldatzeko duten gaitasuna» izan da.

Bada harritu duen bertze kontu bat ere: haurrek duten moldatzeko gaitasuna. «Hain txikiak izanda ere zer pazientzia duten, nola dakiten esperatzen, nola ulertzen duten ingurukoa, nolako harremana duten bertze haurrekin, nola enpatizatzen duten…»

«Hagitz eskertuta»

Txilera «hagitz kontent eta eskertuta» itzuliko dela kontatu dio TTIPI-TTAPAri Obandok. «Mukixuko langileek besoak zabalik hartu naute, eta beti prest egon dira nire edozein zalantza argitzeko». Hemen ikasitako guztia nire lankideekin konpartituko dut Txilera joaten naizenean»

Mukixun ikasitako hainbat kontu barrenean gordeak ditu, tartean, «lan taldearen izateko manera, pazientzia, enpatia…». Berako egonaldia bukatuta, gogoz  da«hemen ikasitako guztia Txileko lankideekin konpartitzeko».  

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun