'Hona bostekoa!' komiki bilduma aurkeztu dute Beran

Ttipi-Ttapa 2024ko urt. 30a, 16:00

Ortziralean, urtarrilaren 26an, aurkeztu zuen herritarren aitzinean Aritz Ibarra komikigileak Geuretik Sortuak bekari esker sortutako 'Aldaxka pozoituak' komikia

Beran, Lesakan, Saran eta Urruñan egonaldia egin ondotik garatu du komikia Ibarrak. Aurkezpenean, bere komikiaz gain, Geuretik Sortuak bekan argitaratutako bertze komikiak biltzen dituen Hona Bostekoa! komiki bilduma ere aurkeztu zuten. Gainera, komiki bildumari buruzko erakusketa ikusgai egon da Beralandetan azken egunetan, eta Saran, eta Urruñan ikusteko aukera izanen da heldu den egunetan.

Heldu den hilabeteetan bekari esker garatutako hainbat lan aurkeztuko dituzte. Horietan lehena, Antzerki Aroak konpainiaren ‘Olagarrua’ antzezlana izanen da eta otsailaren 17an emanen dute 19:00etan Kultur Etxean. 

Jon Abril Atharratzen

Berako idazle bat ere saritu zuten bekaren barrenean, Jon Abril Olaetxea. Zuberoan egin zuen egonaldia, Atharratzen, eta bere lana aurkeztuko du aurtengo udaberriko zirkuituan. Apirilaren 19an, Atharratzen aurkeztuko du, eta maiatzaren 24an, Lodosan. Bi aurkezpenetan Ainhoa Urien idazlearekin ariko da. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun