A30 Greba Feminista Orokorra

«Hezkuntzak eta osasunak bezala, zaintzak ere publikoa izan beharko luke»

Ttipi-Ttapa 2023ko aza. 29a, 14:00

Azaroaren 30erako greba feminista orokorrera deitu dute mugimendu feministak eta sindikatuek. Zaintza greba izanen da, «zaintzaren krisian» paratu nahi baitute fokua antolatzaileek. Eskualdean zaintza lanetan ari diren hainbat emakumeren testigantzak bildu ditu TTIPI-TTAPAk. Uxane Okupazio zentroan begirale lanetan aritzen den Irati Lujua Etxenikerena da laugarren testigantza.

15 urte daramatza Irati Lujua Etxenike etxalartarrak Berako Uxanen monitore lanetan. Okupazio zentro bat da Uxane eta beren egitekoa egunean egin beharreko lanen antolaketa egitea da. «Erabiltzaileak egin beharreko lanetan antolatzen ditugu eta horiek egiten laguntzea eta gainbegiratzea izaten da gure lana. Bertze beharretan ere laguntzen diegu: komunera joaten, bazkaria ematen, desplazamenduak egiten, behar emozionaletan eta pertsonaletan…».

Zaintzaren sektorea egoera prekarioan dagoela uste du Lujuak, batez ere soldata aldetik. «Guk adibidez ez dugu aitzinatasunik, baina egutegia eta ordutegia aldiz, hagitz onak ditugu, baina, hori ez da ohikoena». Uxanen lanean hasi zenetik aldaketa sumatu ditu: «Duela bi urtetatik soldata KPIaren arabera igotzen digute, nahiz eta aurten ez diguten behar bertze igo».

«Zaintza lanetan ari garenetatik aunitzek ezin dute grebarik egin»

Langileak antolatuak ez dauden arren, badituzte beren aldarrikapenak: soldata igoera, aitzinatasuna kontuan hartzea, zerbitzuen hobetzea eta landa eremuan zerbitzu gehiago izatea direla dio: «Landa eremuan ez dagoenez apenas zerbitzurik profil desberdinak nahasten dira», kontatu du. 

Zaintza sektoreko langileak «egoera hagitz prekarioan» ikusten ditu Lujuak: «Zaintza lanetan ari garenetatik aunitzek ezin dute grebarik egin, lan hori ordaindua izan edo ez. Batzuk zerbitzu minimoak bete beharko dituzte, bertze batzuk zerbitzu minimoetan daudenez ezin dute eta egin, eta bertze batzuek egoera irregularrean daudenez ez dute kontraturik, beraz, ezin dute deus egin».

Uxaneren kasuan, Nafarroako Gobernuak ebatzi du greba egiteko eskubidea badutela, eta beraz, ortzegunean itxita egonen da Uxane Okupazio Zentrua eta Lujuak berak parte hartuko du mobilizazioetan.

«Gizartea ez dago antolatua zaintza modu duin eta egoki batean hartzeko eta emateko»

Argi ditu greba egitearen arrazoiak: «Zaintza denoi gure bizitzako momentu batean tokatuko zaigun gauza bat da. Guk horretan egiten dugu lan, baina, gure bizitza pertsonalean ere zaintza lanak eman behar izaten ditugu eta eman beharko ditugu. Gizarte hau ez dago antolatua zaintza modu duin eta egoki batean hartzeko eta emateko, zaintzak erdigunean egon beharko luke hori horrela izateko».

Esku hartze publiko handiagoa behar dela uste du: «Hezkuntzak eta osasunak bezala, zaintzak ere publikoa izan beharko luke».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun