310 uso harrapatu dituzte Etxalarko usategietako sareetan sasoi honetan

Ttipi-Ttapa 2023ko aza. 29a, 07:00
Usoak biltzen Etxalarko Usategietatako sareetatik. Denera 25 dozena eta hamar uso harrapatu dituzte aurten.

Etxalarko usazaleek denboraldiko balorazioa egin dute. «Aurtengoa, iazkoa baino pixka bat hobea izan da, baina hala ere ez da ona izan. Ongi hasi ginen, txolomak harrapatuz, baina gero, pagausoak ez dira denboraldi bukaera arte agertu, ez baitu batere hotzik egin. Hau dela eta, denboraldia aste bat luzatu ahal izan dugu, baina ez du emaitzarik eman. Denetara, 25 dozena + 10 uso harrapatu ditugu sareekin (310 uso). Txoloma gehienak Cpal elkarteak eraztunak paratu dizkie, Aranzadirekin lankidetzan».

Tradizioa bertze urte batez bizirik mantendu ahal izan dute, inguruko usazale eta boluntario talde eder baten lanari esker, «bakoitzak ahal duen neurrian, esfortzu handia egin baitute, 50 egunez tradizio xahar hau bizirik mantentzen jarraitzeko».

200 lagun bisita gidatuetan

Bisita gidatuei dagokionez, ia 200 lagun inguru animatu dira eta aurtengoan ia laurdenak izan du usazaleak lanean ikusteko aukera eta zortea. Bisitari gehienak Nafarroa eta Euskadikoak izan dira. Eskolako haurrak ere hurbildu dira aurten, bi urtetik behin egiten duten bezala eta bisita egin ondotik, paletak botatzeko aukera ere izan zuten.

Erakusketa Pello Apezetxea kultur etxean

Berrikuntza bezala, pasa den igandean usategiei buruzko erakusketa aurkeztu zuten usazaleek Etxalarko Pello Apezetxea Kultur etxean, usategiak herritarrei hurbiltzeko helburuarekin. Bertan, Josetxo Apeztegia, Fidel Perrot eta Aimar Iparragirreren argazkiez gain, ehizarako tresnak, usategietako maketa, Pello Apezetxearen liburuak, trepa eta sare guztien informazioa eta ordu erdiro, usategietako aitzinako eta oraingo bideoak ikusteko aukera dago. Erakusketa, 16:00etatik 19:00etara egonen da irekia aste tartez eta 17:00etatik 19:00etara asteburuetan, abenduaren 10a bitartean.

Joan den igandean ireki zuten usategietei buruzko erakusketa kultue etxean eta abenduaren 10a arte ikusgai izanen da.


Pirinioetako usategiak Behorlegin elkartuko dira larunbatean

Bertzalde, datorren larunbatean, abenduaren 2an, urteroko Pirinioetako usategietako usazaleen besta ospatuko dute (9 usategi dira martxan direnak) Nafarroa Behereko Behorlegi herrian eta bertan boneta handi bat ematen zaio denen artean uso gehien hartu dituenari eta boneta ttiki bat guttien hartu duenari. Etxalarko usazaleen aurreikuspenen arabera, Etxalar, laugarren postuan gelditua da, baina larunbatean jakinen dute ziur.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun