Lesakako organoaren zaharberritzean laguntzeko aurtengo donazio kanpaina ere abian da

Ttipi-Ttapa 2023ko aza. 24a, 19:00
Lesakako Roqués Organoaren Lagunak elkarteko kideetako batzuk, San Martin elizan, koroan organoa dutela.

LESAKAKO ROQUES ORGANOAREN LAGUNAK elkarteak (AAORL) Tourseko San Martin parrokian dagoen Roqués organoa zaharberritzeko lanak bukatu dituela ospatzen ari da aurten. Nafarroako Gobernuak BIC izendatu zuen organo hori (Kultur Intereseko Ondasuna). Lan horiek laguntzeko MECNA donazio kanpaina ere abiatu du.

Lan horiek bi fasetan egin dira, 2022an eta 2023an, 85.118,66 euroko hasierako aurrekontuarekin. Elizbarrutiko Zaharberritze Tailerrak egin du zaharberritzea (Calahorra eta Calzada-Logroño elizbarrutiak), Rubén Perez Iracheta organogilearen esku-hartzearekin, eta hitzartutakoa bete da, bai epean baita  lanen kostuan ere.

Hala ere, zaharberritze-lanetan, hasieran aurreikusi ez ziren hobekuntza gehigarriak egitea komeni zela ikusi zen, hala nola Roqués estiloko pedal berri bat instalatzea, bi teklatuak zaharberritzea (horretarako, Alemanian espezializatutako tailer batera eraman zituzten), kontsola berritzea, bi erregistro eta hainbat apaingarri berreskuratzea... Honenbertzez, esku-hartzearen guztizko zenbatekoa 100.738,65 eurokoa izan da. Erran daiteke, egindako esku-hartzearen bidez, neurri handi batean lortu dela Roqués organoa jatorrizko egoeran leheneratzea eta berreskuratzea.

 

MECNA bidez

AAORL elkarteak aprobetxatu nahi du Lesakako Roqués organoa zaharberritzeko proiektuaren bigarren fasea interes sozialekotzat hartzen dela, Mezenasgo Kulturalaren ondorioetarako, Nafarroako Gobernuak 2023an ondare higigarrian esku hartzeko proiektuetarako emandako diru-laguntzaren onuradun izan delako.

Hala, Lesakako Roqués organoa zaharberritzeko proiektuan interesa duen pertsona oro animatu nahi du MECNA bidez ekarpena egin dezan 2023ko abenduaren 31 baino lehen. Lortzen den zenbatekoa egindako hobekuntza gehigarriek eragindako gastuak ordaintzeko eta instrumentua etorkizunean mantentzeko aurreikuspena egiteko erabiliko da.

 

Nafarroako Kultur Mezenasgoari buruzko Foru Legearen arabera, onura fiskal handiak daude proiektu mota horretan laguntzen duten enpresa eta partikularrentzat. Nafarroako Gobernuak MECNA zigiluarekin aitortzen du herritarrek, enpresaburuek eta gizarteak kultura sustatzeko eta finantzatzeko duten konpromisoa.

Nafarroan, partikularrentzako mezenas izateagatiko zerga-abantailak PFEZren kuotaren kenkari bat dira (% 80 emandako lehen 150 eurotan eta % 40 gainerakoetan), eta enpresen kasuan, emandako zenbatekoak Sozietateen gaineko Zergaren zerga-oinarria murrizten du, gastu kengarritzat jotzen baita eta, gainera, kuota likidoaren % 30eko kenkaria lortzen da lehen 300 eurotan eta % 20koa hurrengoetan.

Adibidez, partikular batek urtean 150 euroko ekarpena egiten badu, benetan 30 euroko kostua izango du, Ogasunak 120 euro itzuliko baitizkio PFEZren aitorpenean; 500 euroko dohaintzarako, kenkaria 260 eurokoa izango da; edo dohaintzako 1.000 eurorako, 460 euro.

AAORL elkarteak kenkari horiek kontuan har daitezen behar diren datuak pasatuko dizkio Ogasunari, eta egindako ekarpenaren egiaztagiria ere emango dio emaile bakoitzari.

Edozein kontsulta, iradokizun edo ekarpenei erantzuteko helbide elektronikoa lesakakoorganozaleak@gmail.com da.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun