'Usategieta herriari solasean' erakusketa ikusgai izanen dute Etxalarren

Ttipi-Ttapa 2023ko aza. 24a, 13:00
Etxalarko eskolako haurrek usategiak bisitatu zituzten azaroaren 13an eta orain Usategietei buruzko erakusketa kultur etxean ikusteko aukera izanen da.

Azaroaren 26tik abenduaren 10era Pello Apezetxea kultur gunean

Etxalarko Usazaleen elkarteak antolatuta, Usategietatik herrira jaitsiz, erakusketa martxan jarri dute, irudien bidez (lehengo eta gaur egungo argazki eta bideoak) gure herriko ondare berezi hau hobeto ezagutarazteko. Erakusketa azaroaren 26tik abenduaren 10era egonen da zabalik, astelehenetik ortziralera 16:00etatik 19:00etara eta aste hondar eta besta egunetan 17:00etatik 19:00etara.

Erakusketa honetan argazkiak eta bideoak ageri dira eta bere helburu nagusia «herrian daukagun altxor zahar hau hobe eta sakonago ezagutzera ematea da».

 

Landagain eskolatik Usategietara irteera

Azaroaren 13an Landagain eskolako ikasle eta irakasleek bisita egin zuten usategietara. LHko ikasleak oinez joan ziren eta HHkoak familiakoen autoetan. Bertan, bi taldetan banatuta, Sare bidezko ehiza proiekzioa eta sareak zuzenean ikusteko aukera izan zuten. Laura Elizagoienen azalpenak entzun eta zalantzak argitu ondoren, paletak botatzen aritu ziren. Ekintza honi esker, gure arbasoengandik datorren ohitura ezagutzeko aukera izan zuten.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun