Arbolaren Egunaren lehen saioa eginen dute larunbatean Lesakan

Ttipi-Ttapa 2024ko ots. 23a, 14:00
Aurten ere Gardelkopagoeta inguruan eginen dute landaketa.

Azken urteetan bezala, Arbolaren Eguna ospatzeko asmoa du aurten ere Lesakako Beti Gazte elkarteak. Lesakako udalaren, Irain eskola publikoaren eta Tantirumairu ikastolaren laguntza du ekitaldi hau antolatzeko.

Otsailaren 24an eta 29an egitekoak dira landaketa-lanak Gardelkopagoeta inguruan. Larunbat honetan 09:00etan izanen dute hitzordua plazan eta Gardelkopagoetako eremua garbitzera, piketeak sartzera eta zerrakurak egitera joanen dira. Prozesu guztia ikus dezaten larunbat honetako saiora hurbiltzeko animatu nahi ditu Beti Gaztek haur eta gurasoak. Egin beharreko lanaren ondotik hamaiketakoa izanen da bertaratutako guztientzat.

Otsailaren 29an ere, datorren ortzegunean 09:00etan abiatuko dira haurrak ikastetxeetatik eta arbolak landatuko dituzte. Dena den, arbol landaketan lagundu nahi dutenak 08:00etan agertu beharko dira plazara.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun