Bertsolari Txapelketa Nagusia 2022

«Txapelketa ederra izanen dela uste dut»

Ttipi-Ttapa 2022ko ira. 24a, 15:00

Bertsolari Txapelketa Nagusian lehenengo parte hartzea du Ainhoa Larretxea gai jartzaile beratarrak. Baionan, azaroaren 26ean jokatuko den finalaurrekoa aurkeztuko du. 

«Alde batetik ohorea, bertsolaritzaren munduan Euskal Herrian egiten den ekitaldirik garrantzitsuena delako, eta bertzetik baita ardura ere». Halaxe deskribatu du Euskal Herriko Bertsolari Txapelketaren atarian Ainhoa Larretxeak sentitzen duena. Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusian lehenengoz parte hartuko du gai jartzaile gisa.

Txapelketa irailean hasiko bada ere, beren lana lehenago hasten dela kontatu du: «Uda aitzinetik hasi ginen biltzen gaiak egiteko, eta iraila hasieratik astero biltzen gara. Aste batzuetan, gainera, asteburuetan ere elkartzea egokituko zaigu». Bilera horietara etxean nor bere gaiak eginda joaten dira, eta bertan gai denak irakurri eta aztertu ondotik taldean erabakitzen dute zeinek egiten duen aitzinera. «14 lagun gaude taldean, eta gai bat aitzinera ateratzeko denen oniritzia behar du», kontatu du.

Gai jartzailetzaren gibelean ikusten ez den lan aunitz dagoela dio: «Gure lana ez da gaiak egitea bakarrik, saio guztien artean oreka egon dadin saiatzen gara, puntu erantzunetan errima orekatuak izaten… Sekulako lana da, eta batzuetan baloratzen ez dena».

Ekainean hasi ziren, eta abendura bitarteko hilabeteak lan aunitzekoak izanen direla uste du. Hala ere,  txapelketa hasteko gogotsu dago: «Gure artean giro ona dugu, eta gainera bertsozalea izaki noski gogoz nago saioak hasi eta ahalik eta saio gehienetara joateko eta bertsolaritzaz gozatzeko. Txapelketa ederra izanen dela uste dut, eta gazteaj indartsu etorriko direla».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun