Normaltasunerantz

Normaltasun  berriak gutti du normaletik, gehiago berritik.

Haurrik gabeko eskolak. Itxitako mugak. Musukoak. Bestarik gabeko herriak. Bideo-deiak. Beldurra. Udalekurik gabeko uda. Hidrogela. Hustutako herriko dendak. Bi metroko distantzia. Manparak. Igerileku hutsak. Mikrofonoak eta fokuak itzalitako musikari eta artistak. Langabezia. Ukitu gabe egotea ostatuetan. Telelana. Aldi baterako lan-espedienteak. Herrialdeen arteko joan-etorriak (Beratik Cadizeko hondartzetara bai, Sararat, ordea, ezin). Erabili eta botatzeko kultura (hau ez hain berria, sobera normala).

Aldatuko ditugu aldatu beharrekoak? Normalduko al dugu zaintza? Duten balioa emanen al diegu zaintzaile, erizain, zeladore, mediku, garbitzaile, kutxazain, irakasle, sukaldari eta hain beharrezkoak zaizkigun bertze lanbide guztiei? Ordainduko al zaie behar bezala? Inbertituko al da osasunean, hezkuntzan, adinekoen egoitzetan, kulturan…? Hori litzateke benetako normaltasun berria. Gainerakoan, musuko baten gibelean ezkutatuta, lehengo lepotik burua.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun