Arreta goiztiarreko fisioterapia zerbitzua eskaintzen hasi dira Bortzirietan

Ttipi-Ttapa 2018ko mai. 25a, 09:52

2010eko azaroan egin zuten agerraldia gurasoek, Osasun Zentroko eta Gizarte Zerbitzuetako ordezkariekin batera, zerbitzua estatua. Zortzi urte beranduago lortu dute.

Duela zortzi urte egin zuten eskaria Osasun Zentroak, Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateak eta gurasoek, baina orain arte ez du erantzunik jaso

Bortzirietan 0 eta 3 urte bitarteko arreta goiztia­rraren barrenean fisioterapia zerbitzua eskain­tzea eskatuz, ida­tzia sinatu zuten zerbi­tzu horren be­harra zuten hamabortz gurasok eta Oinarrizko Gizarte Zerbitzuetako or­dez­­kari politiko eta tekni­kariak eta Osasun Zentroko pedia­trak eta erizainak 2010eko azaroan. Eskutitza Nafarroako Arartekoari, Osasunbideari eta Gizarte Ongi­za­te Sailari helarazi zieten, arazoari lehenbailehen irteera ematea eskatuz. Arartekoak babesa eman zien orduan bortziritarren eskariei. Zortzi urte joan dira, baina arreta goiztiarreko fisioterapia zerbitzua eskaintzen hasiak dira Bortzirietan.

 

Apiriletik hasita, fisioterapeuta agertzen da Lesakako udalaren erabilera anitzeko aretora. Fisioterapiaz gain, psikomotrizitate eta estimulazio goiztiarra ere eskaintzen zaie haurrei. Orain arte, Sarrigurenera joan behar izan zuten gurasoek haurrarekin eta inguru hau zen arlo honetan arretarekin jasotzen zuen Nafarroako eskualde bakarra.

 

Aurrekariak

Orain arte, atentzio goiztiarraren baitan, logopedia eta estimulazio zerbitzuak eskaini dira Bortzirietan ANFAS erakundearen bidez, baina fisioterapia­ na­hi zuenak Iruñera joan­ behar zuen. Ondorioz, errepideko arris­kuaz­­ gain, joan-etorrietarako zailtasunak zeuden eta ho­rrek fisiote­rapia-saioak guttitzea zekarren. Gainera, joan-eto­rriak ordain­tzeko diru­la­guntzak kendu zituzten. Ai­tzitik, legeak dio gu­­ttie­neko zer­bi­tzuok­­ Nafa­rroa­ osoan nor­be­re etxe­bi­zitzaren hurbilean eskaini behar dire­la.

2010eko eskari hartan Bortzirietako bizilagunak gainerako nafa­rrekin­ konparatuta desberdintasun egoeran daudela ere kritikatu zuten, fi­sio­terapia zerbi­tzua ez baitzen bakarrik Iruñean ematen, Liza­rra eta Tute­ral­dekoek ere beraien he­rrietan har­tzen baitzuten.

Horregatik, arazoa ezagu­tzera eman eta fisioterapia zerbitzua ezar­­tzeko eska­tzeaz gain, zen­bait irtenbide ere proposatu zituzten: logo­pe­dia eta estimulazio zerbi­tzuak Bor­tzirie­tan eskain­tzen dituen ANFASi fisioterapeuta bat kontra­ta­tze­ko baimena ematea, zerbitzua Lesakako Osasun Zentroan ema­tea baloratzea, dagoeneko haur fisioterapeuta batekin lan egiten duen Aspacerekin zerbi­tzua­ konzerta­tzea, edo, azkenik, fisioterapeuta Iruñetik Bor­tzirietara hurbil­tzea.

Belen Compayns pediatraren hitzetan, esti­mu­lazio –2004­ inguruan– eta logopeda zerbi­tzuak –2006-2007 urte inguruan–, protestatu ondotik paratu ziren. Bor­tziriak izan zen Iruñetik kan­po arre­ta goiztiarreko zerbi­tzu ho­riek lortu zituen lehen es­kualdea eta gero hedatu zen bertze eremuetara. Fisiote­ra­peu­ta­re­kin ere bide bera segitu zuten eta helburua lor­tzeko itxaropena zuten, «beharra badelakoz».

Nafarroako Arartekoari ere zuzenean arazoaren berri emateko joan ziren 2010eko abenduaren 22an Bortzirietatik Iruñera Patxiku Irisarri eta Jokin Apezetxea, garai hartan mankomunitateko presidentea zena eta teknikaria, Belen Compains pediatra eta Begoña Arretxea gurasoa. Arartekoak babesa eman zion bortziritarren eskariari, ebazpen bidez. Honela Arartekoak, arreta goiztiarraren zerbitzua erabiltzaile diren Bortzirietako haurrek, fisioterapiako prestazioa behar dutenek, hau ahal den hurbilen eta, nolanahi ere, gizarte zerbitzu orokorren zorroan aipatzen den iparraldeko eremuaren barruan hartzeko behar diren neurriak har zitzala gomendatu zion Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuari. Departamentu honek bi hilabeteko epea zuen gomendio hau onartzen zuen ala ez informatzeko, hartu behar zituen neurriak adierazteko edo bertzela, gomendioa ez onartzeko arrazoiei buruz informatzeko.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun