Frantziako Lescar-eko lizeoko ikasleek antzerki emanaldi bikaina eskaini dute Mugaz Gain jardunaldien baitan

Ttipi-Ttapa 2017ko mai. 15a, 12:13

Alzheimerrari buruzko antzezlan hunkigarria eskaini zuten ikasle frantziarrek.

Aste honetan, Berako ikastetxeetako Lehen Hezkuntzako ikasleak igoko dira taula gainera

Mugaz Gain antzerki jardunaldiak joan den astean abiatu ziren Berako Kultur Etxean, Antzerki eta Eskola Elkarteak antolatu eta Berako Udalak eta Berako Kultur Batzordeak lagunduta. Ortzegunean bera eta Pasaia-Lizeoko DBHko ikasleen emanaldiak izan ziren eta ortziralean, Akitaniako Pau ondoko Lescar-eko Jacques Monod Lizeoko Batxilergolo ikasleek ‘El carrusel de los recuerdos’ antzeztu zuten.

 

Frantziako ikasleek gazteleraz eskaini zuten alzheimerrari buruzko antzezlan hunkigarria. Ondotik, bertze saioetan bezala, ikusleek luzatutako galderak erantzun zituzten.

 

Aste honetan Berako Lehen Hezkuntzako antzezleak

Aste honetan Berako antzezle ttikien txanda izanen da.

Maiatzaren 18an, ortzegunean, Ricardo Baroja eskolako LH6ko ikasleek ‘Gerra’ eskainiko dute 10:00etan eta Labiaga ikastolako LH5eko ikasleek ‘Hemen gaude: handiñimiñoak’

Maiatzaren 19an, ortziralean, 10:00etan ‘Harrera’ antzezlana eskainiko dute Jesusen Bihotzako 4 eta 5. Mailako ikasleek. 12:00etan ‘Non daude arrainak?’ taularatuko dute Ricardo Barojako LH2ko ikasleek.

Emanaldi hauek ikastetxeetako ikasleei zuzendua izanen da eta sartzeko euro bana kobratuko da, baina arratsaldez, bai ortzegunean (18), baita ortziralean (19) ere, ateak zabalik eskainiko dituzte emanaldiak, 18:00etan hasita. Hemen 2 euro kobratuko dute. Bietan, ‘Hemen gaude: handinimiñoak’ eta ‘Harrera ‘ eskainiko dituzte Labiaga eta Jesusen Bihotzako ikasleek.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun