Ekainaren 18an eginen den galdeketako galdera zein izanen den jakinarazi du Eman Bortzekoa Elkarteak

Ttipi-Ttapa 2017ko mai. 14a, 09:10

Larunbateko aurkezpenean jakinarazi zuen Eman Bortzekoa Elkarteak galdera.

Nafar gisa, Euskal Herri burujabe bateko herritarra izan nahi duzu? izanen da bortz herrietan eginen den galdera

Larunbat eguerdian Berako Beralandetan egindako agerraldian aurkeztu du galdera Eman Bortzekoa Elkarteak. Bortz herrietako jendeak parte hartu duen prozesu parte-hartzaile eta ireki baten bitartez adostu dute galdera.

Eman Bortzekoa Elkartearen izenean, Ines Matxiarena eta Aintzane Pikabeak irakurri zuten larunbat eguerdiko aurkezpenean oharra, Arantza, Bera, Etxalar, Igantzi eta Lesakako herritarrak inguruan zituztela. Joan den urtarrilean Eman Bortzekoa Elkartea aurkeztu zutenetik egin duten bidea zein izan den kontatu zuten. Hasteko, bi hilabetez galdeketa egin ahal izateko behar zen sinadura kopurua bildu zuten: "Bi hilabetetan zehar, herriak babesa eman behar zion Eman Bortzekoa Elkarteari galdeketa honen antolaketan aitzinera egiteko, eta denon zorionerako, bortz herrietan behar genituen sinadura kopuruak jaso genituen. Horregatik, lehenbizi, zorionak eta eskerrak bortziritarrei".

Behin hori lortuta, galdera adosteari ekin zioten apiril hasieran: "prozesu parte-hartzaile eta irekia martxan jarriz". Deialdi zabal bat egin zuten horretarako: "bortz herrietako herritar guztiei luzatu genien gonbita prozesuan parte hartzeko". Agerraldian gaineratu zutenez, "bilera hartaz geroztik herriz-herri, lagunartean, familian, lankideekin… inguruko jendearekin azken finean, modu ezberdinetan biltzeko aukera eduki dugu, norbanako zein taldeekin, denen iritziak jaso eta denen proposamenak aditzeko". Azkenean, joan den maiatzaren 4ko azken bileran idatzi zuten galdera. 

Galderak bete beharreko baldintzez ere aritu ziren aurkezpenean. Alde batetik "argia" izan behar zuela azaldu zuten: "inork inolako zalantzarik eduki ez dezan ekainaren 18an galdetuko denaren inguruan. Denok ulertzeko moduko galdera adostu nahian, Gure Esku Dagoren baitako elkartea denez, bertze herri eta eskualdeetako galdeketekin parekatu nahian, emaitza guztiak metagarriak izan behar zuten, emaitza guztiak batera bildu eta ondorio orokorrak atera ahal izateko". Gisa berean, erran zutenez, "herritar guztiek parte hartzea denez helburua, bozkatzaile guztiak eroso sentitzeko moduko galdera bat idaztea beharrezkoa zen, aldeko zen kontrako iritziak dituzten horiek nahi bezala erosotasun osoz bozkatu eta horregatik sentsazio kontrajarririk ez edukitzeko". Galderak "ondorio bat bilatu behar duela" ere garbi zuten: "galdeketa hau erreferendum bilakatzean baliagarri izateko moduko galdera izan dadin, eta herriaren iritziak betidanik behar duen pisua izan dezan. Erabakiorra izan dadin".

Horiek denak kontuta hartuta prestatu dute galdera: Nafar gisa, Euskal Herri burujabe bateko herritarra izan nahi duzu?.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun