Abiatu dira Mugaz Gain Antzerki Jardunaldiak Beran

Ttipi-Ttapa/Xorroxin 2017ko mai. 12a, 07:35

Berako Toki Ona institutuko DBHko ikasleek eskaini zuten lehen emanaldia.

Ortzegunean Bera eta Oarsoaldeko DBHko ikasleak aritu dira eta gaur 13:15ean Frantziako Lescar-eko ikasleak ariko dira Kultur Etxean

Mugaz Gain antzerki jardunaldiak abiatu ziren maiatzaren 11n, ortzegunean Berako Kultur Etxean, Antzerki eta Eskola Elkarteak antolatu eta Berako Udalak eta Berako Kultur Batzordeak lagunduta.

 

Maiatzaren 11n, ortzegun goizean, Berako Toki Ona Institutuko DBH2ko ikasleek ‘Egoerak’ taularatu zuten eta Oiartzungo gazte antzerki taldeko DBH1eko ikasleek ‘Aspaldi herri batena’. Arratsaldean, Berako Labiaga ikastolako DBH2ko ikasleek ‘Gure Isidoro’ lana eskaini zuten eta Pasaia-Lezo Lizeoko DBH4ko ikasleek ‘Odola malko bana’.

Maiatzaren 12an, ortziralean, 13:15ean, Akitaniako Lescar-eko Jacques Monod Lizeoko Batxilergolo ikasleek ‘El carrusel de los recuerdos’ antzeztuko dute.

 

Datorren astean Lehen Hezkuntzakoak

Heldu den astean Berako antzezle ttikien txanda izanen da.

Maiatzaren 18an, ortzegunean, Ricardo Baroja eskolako LH6ko ikasleek ‘Gerra’ eskainiko dute 10:00etan eta Labiaga ikastolako LH5eko ikasleek ‘Hemen gaude: handiñimiñoak’

Maiatzaren 19an, ortziralean, 10:00etan ‘Harrera’ antzezlana eskainiko dute Jesusen Bihotzako 4 eta 5. Mailako ikasleek. 12:00etan ‘Non daude arrainak?’ taularatuko dute Ricardo Barojako LH2ko ikasleek.

Emanaldi hauek ikastetxeetako ikasleei zuzendua izanen da eta sartzeko euro bana kobratuko da, baina arratsaldez, bai ortzegunean (18), baita ortziralean (19) ere, ateak zabalik eskainiko dituzte emanaldiak, 18:00etan hasita. Hemen 2 euro kobratuko dute. Bietan, ‘Hemen gaude: handinimiñoak’ eta ‘Harrera ‘ eskainiko dituzte Labiaga eta Jesusen Bihotzako ikasleek.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun