Nafarroa Oinez 2017 Lesakan

220 kirolari baino gehiago lehiatuko dira apirilaren 29an Nafarroa Oinezeko Bikin Batin Duatloian

Ttipi-Ttapa 2017ko api. 27a, 08:02

Bibin batin duatloiko ibilbidearen perfila.

Bikoteek 20 kilometro mendi bizikletan eta 13 kilometro lasterka osatuko dute Lesakan larunbat goizeko 9etan abiatuko den proban

2017ko Nafarroa Oinezeko urteko jardueren baitan, kirol proba berezia antolatu du larunbat honetarako, apirilaren 29rako, Lesakako Tantirumairu ikastolak: Bikin batin duatloia. Nafarroa Oinezeko leloari lotuta, kirolariek bi modalitateetan osatu beharko dute proba. Lehenengo 20 kilometro inguruko ibilbidea mendi bizikletan eginen du bikote partaideetako batek (854 metroko desnibel  positiboarekin), eta ondoren 13 kilometro lasterka (450 metroko desnibelarekin) osatuko du bigarren bikotekideak. Harrera beroa izan da, dagoneko 110 bikote baino gehiagok eman baitute izena. Hala ere, egunean bertan bertze 50 bikoterentzako lekua izanen da.

 

Txirrindulariak larunbatean goizeko 9:00etan irtengo dira Lesakako  Plaza Zaharretik, eta Frainera  goitu ondotik, Piedadeko gaina, Sastrin, Itsaszelaieta, Sastrin, Izotzaldea eta fabrikan barrena pasatu ondotik, Linddurrenborda sagardotegian erreleboa emanen dio txirrindulariak lasterkariari. Honek, Banarta, Alasta, tiro zelaia, Eskolamendi, Baldrun, Berrotarango erreka eta Mairuerregenekobordan barrena egin beharko du lasterketa. Helmuga berriz ere plaza izanen du. 13:30ean sariak banatuko dira. Ez da sari ekonomikorik izanen, baina lehenbizikoek Anas Alberro, Tantirumairu Ikastolako gurasoak egindako oroigarri ederrak (argazkian) izanen dituzte saritzat.

Bai plazan, baita Linddurrenbordan ere, animazioa izanen da, eta probaren ondotik, 14:00etan, herri bazkaria, bai izena eman duten kirolarientzat, baita kirolik egin gabe ere Nafarroa Oinezen aldeko ospakizun honetan parte hartu nahi dutenentzat. Izan ere, 400 bat lagunek eman dute izena dagoeneko herri bazkarian. Sari ederren zozketa ere eginen dute bazkalondoan, eta fanfarre batek alaituko du giroa.

 

Arauak eta oharrak

Lasterkariek ezin izanen dute errelebo puntura kotxez joan. Nahi duenarentzat  09:10ean plazatik aterako da talde bat bertara oinez joateko. Sagardotegian lasterkarientzako kontsignak izanen dira, eta  lasterketa bukatu orduko plazan bertan jaso ahal izanen dituzte gauzak.

Erreleboaren arauak: lasterkariek sagardotegian kokatuko den arku eta txip kontrol puntutik 3-5 metrotara izanen dute irteera, eta bere bikote txirrindulariak erreleboa eman arte ezingo da bertatik abiatu. Proba uztea erabakitzen duten kirolariek lehenbailehen jakinarazi beharko diete antolatzaileei.

Aipatzekoa da probaren zuzeneko informazioa (denborak, argazkiak…) emateko eta jasotzeko twitterren #bikinbatinduatloia traola erabiliko dela. Informazioa jasotzeaz gain, edonork parte har dezake informazioa zabaltzen.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun