Isidoro Fagoagak hil aitzinetik kutxetan sartutako bere materialaren hainbat ale paratu dira erakusgai, gehien-gehienak lehenbiziko aldiz: argazkiak, kontzertuetako kartelak, gutun pertsonalak (Oteizarekin, Barandiaranekin, Martin Ugalderekin…), postalak, operetan erabilitako jantziak eta osagarriak, liburuak…
Inaugurazio egunean berean, Karnaba otxoteak kontzertua eman zuen kultur etxean, baita bertze emanalditxo informalago bat ere Beralandetan. Karnaba otxotea Errenterian sortu zen 2009an, Eguzkilore kamera-abesbatzako hainbat kidek osatua. Euskal Herrian zein kanpoan (Katalunia, Frantzia, Espainia, Flandria, Belgika…) kontzertu ugari emandakoa da. Iaz, 2016an, Kanboko otxoteen sari berezia eta publikoaren sariak irabazi zituen.
Aitzinera begira, apirilaren 28an, ortziralean 19:00etan, Isidoro Fagoaga, idazle eta kantari beratarra solasaldia eskainiko du German Ereña ikerlariak. Hain zuzen, Ereñaren laguntza eskertu dute antolatzaileek.
Omenaldi nagusia, nolanahi ere, maiatzaren 6an, 12:30ean eginen zaio, Abesbatzaren, Bandaren eta Gure Txokoako dantzarien eskutik. Illekuetako Agramontean, bere sortetxean, oroit-plaka bat ere paratuko da.