Nafarroa Oinez 2017 Lesakan

Lesakako Bikin Batin duatloian izen emateko hondar egunak dira

Ttipi-Ttapa 2017ko api. 19a, 07:33
Ibilbidea ezagutzeko hitzordua izan zuten apirilaren 2an txirrindulari eta korrikalariek.

Nafarroa Oinezek antolatu du apirilaren 29rako eta internet bidez ortzegunean bukatuko da apuntatzeko epea 

2017ko Nafarroa Oinezeko urteko jardueren baitan, kirol proba berezia antolatu da apirilaren 29rako Lesakan: Bikin batin duatloia. Probarako internet bidez izen-emateko epea apirilaren 20an, ortzegunean, bukatuko da www.kirolprobak.com webgunean. Horrela egiten dutenek kamixeta ere izanen dute opari. Probaren egunerako 20 bikoterendako lekua gordeko da, baina hauek ez dute kamixetarik izanen. Hasiera batean, 18 urtetik goitikoendako proba bazen ere, eskari handia dela eta, 16 eta 18 urteko kirolariek ere parte hartzeko aukera izanen dute, gurasoen baimen sinatuarekin. Dagoeneko 100 bikotek eman dute izena.

 

Duatloi berezia

Nafarroa Oinezeko leloari lotuta, kirolariek bi modalitaterekin proba bat eginen dute hemen ere eta 20 kilometro inguruko ibilbidea mendi bizikletan (854 metroko desnibel positiboa) eta 13 kilometrokoa lasterka (450 metroko desnibela) osatu beharko dute bikoteka.

Irteera, goizeko 9:00etan izanen dute Plaza Zaharrean, erreleboa Linddurrenborda sagardotegian emanen dio txirrindulariak korrikalariari eta helmuga berriz ere plazan izanen dute.

 

Herri bazkaria

Bai plazan, baita Linddurrenbordan ere, animazioa izanen da eta probaren ondotik, herri bazkaria, nahi duten kirolarientzat, baita proban parte hartu gabe ere, izena ematen duen edonorentzat ere.

Bazkarirako txartelak, berriz, Izarra okindegian eta Berako Xugan har daitezke apirilaren 23ra arte, baita koordinazioa@oinez2017.ikastola.eus helbide elektronikoan ere. Helduek 12 euro ordaindu beharko dute eta 12 urte arteko haurrek 6 euro. Bazkaria giro­tzeko musika izanen da eta bazkalondoan sari ez­berdinen zozketak ere eginen dituzte.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun