Eskualdetik urrun sortu zen Maddi Hardoy Gurrutxaga «San Juan de Capristanon, Kalifornian, 1917ko apirilaren 8an. Aita eta ama harat ganak ziren nire anaia zaharrena Juanito aitatxi-amatxiekin hemen utzita». Maddik bortz urte zituenean bueltatu ziren Euskal Herrira «Juanito eta aitatxi-amatxiekin elkartu ginen Urdazubiko Alkerdi auzoan, Maltzatenean». Eta bertan sortu ziren bertze sei anai-arrebak «denetarat zortzi ginen eta ni bigarrena nintzen».
Hogei urterekin ezkondu zen Alfontxo Goienetxerekin eta «ezkonduz geroztik, Alkerdin eta Zugarramurdin bizitu izan da. Bertan osatu zuten familia, «6 seme-alaba izan ditut: 4 seme eta 2 alaba. 7 biloba, eta haietatik 10 birbiloba». Azken bortz hilabetetan Berako San Jose Zahar Etxean bizi da eta bertan ospatu du mendeurrena ere. Julen Zelaieta bertsolariaren eta helduen abesbatzaren emanaldiaren ondotik, meza aditu zuten. Egun gogoangarria izan zen Maddirentzat eta familiarentzat.