erran.eus

Etxetik urruti eguneroko min eta gabeziak arintzera

  Gizartea  Bortziriak  Arantza

Errusiako bi haur etorriko dira uda honetan gure eskualdera
Atarrabia Elkartasun Elkarteari esker, Andrey ­bosgarren urtez etorriko da aurten Siberiatik Arantzara eta Olga Zubietara. Gisa honetako elkartasun proiektuekin, bertzelako bizi ­ereduak ikusteko aukera dute egunerokoan hainbat gabezia dituzten haur hauek.

Etxetik urruti eguneroko min eta gabeziak arintzera
Koldobike Gorostiza Uriguen bi semeekin, Andrey ezkerrean eta Beñat eskuinean. | Ikusi handiago | Argazki originala

 

«Ama, ni Arantzara joateko paperak egin dituzu? Eta zenbat denbora falta zait Arantzara joateko?». Halaxe, irrikaz eta gogotsu dago Andrey sorterria utzi eta ber­tze urte batez udan Aran­tza­ra etor­­tzeko. Atarrabia El­karta­sun Elkarteari esker, Siberiako Nizhne­vartovsk he­rri­tik etorriko da, eta be­rekin batera, ber­tze bederatzi neska-mutiko eto­rriko­ dira­ Nizhenevartovsk eta Bryansketik (Txernobiletik hurbil) Nafarroara: Anna, Danila, Viktoria, Dimitri, Karina, Olga, Maksim, Arina eta Olga. Andrey ez da eskual­dera etorriko den baka­rra izanen, Olga­ Zubietara eto­rriko delako. 10 eta 17 urte bitarte dituzte eta ekainaren 17tik irai­la­ren 1era gure artean egonen dira.
Egoera larrian bizi diren familietatik eta harrera etxeetatik datozen neska-mutikoak dira. Koldobike Gorostiza Uriguen aranz­­­­­ta­rrak ongi ezagu­tzen du haur horien egoera, aurten borzgarren aldiz har­tuko baitute Andrey etxean. Berak konta­tu digunez,­ «ha­gitz baldintza ez­berdinetan» bizi dira: «ha­rrera-etxeetan dau­­­de­nak pisu ttiki-ttikie­tan bizi dira­ eta normalean jende aunitz bizi­ da elkarrekin». Haur horiek lehen mailako be­ha­rrak aseak dituzte, Erru­sia­ko Gobernuak harreran har­tzen­ dituzten haur bakoi­tza­ga­tik diru kopuru bat ematen dietelako hezi­tzaileei. Eta Gobernua bera da haur hauek berogai­lua, jatekoa eta arro­pa ba­dutela kontrolatzen duena. «Ga­bezia­rik haun­die­na afektiboa izan daiteke, normalean haur pila­ har­tzen dute harre­ran, eta elkar zain­tzen dute».

Koldobikeren hitzetan, okerragoa da familietatik­ datozen haurren egoera­: «baliteke afektiboki ga­be­­­ziarik ez izatea, baina egu­neroko lehen beha­rrak ase gabe dituzte: eli­kadu­ra arazoak, etxe­ko berogailuarekin arazoak, arro­pa falta...». Familieta­tik datozen hau­rrak «ha­gitz p­obreak» dira.  Elkar­te­ko kide batzuk egoera hori bertatik bertara ikusi­ dutelako daki «familietatik Nafa­rroara datozen haur ba­tzuk hagitz pobreak dire­la». Are gehiago, «ba­tzuk egu­rrezko etxeetan bizi dira, eta ez dute komunik­ ere». Errusian neguan, 35 gradu zero azpitik egin dezake eta «egurrezko etxetxo batean bizi badira, eta tenperatura horre­kin, atera kon­tuak­­ ­zein baldin­tzatan bizi diren».
Baina Atarrabia Elkartasun Elkartearen bitartez, udako hilabeteetan eta Eguberrietan eguneroko min eta bizi baldin­tza eskas horiek arintzeko aukera dute.


HAMAR HAUR NAFARROAN
Duela 25 bat urte hasi­ zen guztia. «Txernobil­go istripu nuklearraren ondo­rioz, Erru­siako umezurtz-etxee­­tan zeuden haurre­kin lagun­tza eskatu zuen­ Erru­siako Gobernuak. Es­tatu mai­lako mugimendua izan zen, eta hasiera­ hartan, Nafa­rroako Mu­ga­rik­ Gabe Elkartearekin Ata­rrabia, Al­tsasu eta Ara­kil­go familia­ aunitz Errusiako hau­rre­kin lanean hasi ziren», dio aranzta­rrak. Espe­rien­­tzia haren ondotik, 1996­an sortu zen Atarra­bia Elkartasun Elkartea: «bere momentuan 40 familia egon ziren el­kartean eta gaur egun,  hamar gara». Onartu digu familia be­rriak sar­tzea gus­tatuko litzaiekeela.
Euskal Autonomia Erkidegoan bada bertze elkarte bat, Bikarte. Hain zuzen, elkarte hone­tako kideei irratian egindako elkarrizketa bat aditu zutenean erabaki zuten Koldobikek eta familiak mugimendu honetan sartzea: «elkartekoekin ha­rre­manetan jarri ginen, elka­rrizketa bat egin ziguten eta haurrak zein errealitate­tik datozen erran­ ziguten. Eta gaur egun, Ata­rrabia Elkartasun Elkarteko kide gara».

 


«SUPERBIBIENTEAK DIRA»
Bortz urte pasatu dira­ geroztik, baina Koldobikek gogoan du Andrey le­henbiziko aldiz etxera eto­rri zen urte hura: «urdu­ri etorri zen, eta hasiera gogor xamarra izan zen». Alde batetik, hiz­kun­tza aipatu digu: «hizkun­tzare­kin gorabehera batzuk izaten dira. Elkarteak egunerokotasunean sor daitezkeen elka­rrizketak azaltzen dituen gida bat ematen du eta horrez gain, keinuak ere erabili genituen». Hala ere, Andrey «hasieratik euskaraz ikas­ten hasi zela» az­pi­ma­­rratu digu: «hi­tzak barne­ra­tu zituen, eta gehienbat euskaraz solasten ginen. Haur hauek superbi­bienteak dira eta dagoenera mol­da­tzen dira. Sinestezina bada ere, ikustekoa zen lehenbiziko bi hilabete eta erdian Andrey euskaraz nola moldatzen zen. Primeran bar­neratu zuen euskara, elkar ulertze­ko moduan».
Kulturaz ere aritu zaigu: «bertzelako kultura batetik datoz. Hagitz gogorrak dira, egoera gogor batetik datozenak, eta errusia­rren izaera bera ere hagitz gogorra eta hotza da. Etortzen direnean ez dituzte gure ohiturak ezagu­tzen, ez etxe­koak, ez kalekoak ere... Hortaz, eurekin egon behar da gauzak ulertarazi eta nola diren adierazteko». Haur hauek ez dute­la­ arris­kurik ikusten ere gaineratu digu: «ez daude ohi­tuak euren gainean­ nor­bait ego­tera  eta norai­no ailega­tzen ahal diren probatzea gusta­tzen­ zaie, dena ematea. Eurentzat bihurrikeri­txoak direnak hemen ba­tzuetan bihu­rri­keria haundiak edo go­go­rrak dira, eta hasieran, gainean egon behar da». Kasu bat aipatu digu: «ige­rilekura joan ginen lehenbiziko aldian, keinuen bitartez igerian bazekien galdetu genion. Berak baietz, eta salto egin zuen, baina ur azpira joan­ zen. Ez zekien igerian, baina inongo bel­du­rrik gabe egin zuen ure­ta­ra salto». Dena den, ez zenez saia­tu gabe gelditu, «uda hartan, gibeleraka igerile­kuan alde batetik bertzera igeri egiten ikasi zuen, baita urpean igeri egiten ere».
Umezurtza da Andrey, eta Karina arreba bikiare­kin udak Nafarroan pasa­tzen ditu. Arrebak Burlatan eta Andreyk Aran­tzan. Bizitza ez da erraza izan eurentzat: «Andrey joan den udan hasi zen bere bizi­tza­­­­ko kontuak kontatzen eta bizitza gogo­rra izan du». Azaldu digunez, «ttikia zenean hil zitzaion ama eta ederki oroitzen da egun ho­rre­­taz eta egun horretan bizi izandako hain­bat egoeraz. Pasatutakoak pasatuta ere, haur goxoa, maita­korra­ eta mutiko ona da».


EMAN ETA HARTU
Momentu politak ditu gogoan Koldobikek: «hau­rrak nola goza­tzen duen ikusita, zein­ gustura egoten den, kalean eta batez ere bizikletarekin nola goza­tzen duen...». Hori ede­rra dela dio. Hasieratik etxean aunitz lagun­du duela ere azpimarratu digu: «etxe­ko lanak egiten, erosketak egiten, sukaldean, baratzean, ohea egitera­koan ez du zimur bat ere uz­ten...». Da­goene­ko hemengora «eder­­ki  ohi­tu» dela ere adierazi digu. Gaur egun, «primeran solasten da eus­ka­raz­ eta urtean zehar skype bidez manten­tzen dugun komunikazioarekin ez zaio atzen­tzen. Urtetik urtera lasaitu egin da, hemengo ohiturak ere ikasi­ ditu eta lagunak ere egin ditu eta ez du eurekin biltze­ko arazo­rik».
Bidaia luzea egin behar du Errusiatik­ Aran­tza­ra etortzeko, baina inongo alferkeriarik gabe har­tzen du hegazkina. Kontent etortzen baita eta etortzen denean «momentu guztiak apro­be­txatu» nahi izaten omen ditu, «eta batez ere kalea. Siberian negua luzea denez, ordu aunitz etxean pasatzen ditu, eta Aran­tzara etor­tzean, ordu guztiak etxe­tik kanpo pasako lituzke. Bizikleta­ hartu eta kanpora joan nahi izaten du. Aunitz gozatzen du ho­rrela».
Andrey pozik, eta Koldobike ere bai, «hagitz gus­tura» dagoela aitortu baitigu. Are gehiago, ho­rrelako harrera bat egitera animatu nahi du jendea: «errusiarrak, saha­ra­­rrak, somaliarrak... Harre­ra desberdinak egin daitezke». Bere irudiko, «gure bizitzan sartuak gaude, lana, gure eginbe­harrak... eta kostatzen da denboraldi baterako hau­rrak hartzea». Baina argi dio berak: «merezi du. Hau­rrei gauza aunitz ematen ahal dizkiegu­ eta eurek guri ere bai». Alaitasu­nez «bete-be­teak» joaten direla ere aipatu digu: «lehenbi­zi­ko egunetan ateratzen ditugun ar­gaz­kiak eta uda akaberakoak guztiz desberdinak dira. Uda aka­be­rako ar­gazkietan An­drey­ri­ diztira ageri zaio, argita­su­­­na... Badakit euren errea­litate krudelera buel­tatu behar dutela, baina hu­rrengo urtean itzu­liko direna­ren ilusioarekin bizi dira eta badakite hemen gure­kin gozatu eginen dutela»­.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa