erran.eus

Diru zakarrak bihotzik ez du

  Iritzia  Bortziriak  Bera

Bertze manera batean erakutsi diote atea. Erran diote lanpostua tokiz aldatu behar diotela, eta heldu den astetik aitzinera enpresa beraren Madrilgo faktorian hasi beharko duela. Nagusiek ez dute botako gure laguna.

Gure abesbatzan ezagutu dugu Elena. Hagitz ongi kantatzeaz gainera, beti umore onez egoten da. Suerte pollita dugu horrelako lagunak ondoan izatea. Azkeneko hilabete honetan, ordea, diferente ikusi dugu. Broma gu­ttiago, eta bere baitara bildua bezala denbora guzian. Ez genekien zer zuen, baina ez ginen atrebitzen sobera galdetzera. Hondarreko, berak kontatu digu: problema koxkorra sortu zaio lantokian.
Hogei urterekin hasirik, hogeita sei urte eman ditu jakiak prozesatzen dituzten fabrika batean. Gogor, baina, zer nahi duzu, baita gustura ere.
Iruñe ondoan plantatua dagoen industria horrek Espainiako bertze zenbait tokitan ere baditu lantokiak. Eta orain, negozioa itxuraz ongi samar joanagatik, langileak despeditzen hasi dira. Langile zaharrenak kanpora bidaltzen ari dira, urte mordoxka eramaki dutenak. Elenak ikusi du nola joan diren banaka-banaka adio erraten bere lankide izan dituenak. Eta orain berari ailegatu zaio txanda.
Ez diote erran «fuera hemendik, ez zaitugu behar» edo «langile txarra zarelakoz ez duzu tokirik hemen» edo «sentitzen dugu, baina nahitaez bota behar zaitugu». Ez. Bertze manera batean eraku­tsi diote atea. Erran diote lanpostua tokiz aldatu behar diotela, eta heldu den astetik aitzinera enpresa beraren Madrilgo faktorian hasi beharko duela.
Nagusiek ez dute botako gure laguna. Elenak bere borondatez (izorra hadi, Piarres!) utzi beharko du lana, nahiz eta ez dakien bertze lanposturik harra­patuko duen inon, duen adinarekin eta oraingo panorama ikusirik. Eta ez du hartuko despeditu izatera eman beharko zioten ordaina. Horrelako gauzak egitea posible da gaur egun Espainian ditugun legeei esker.
Inbertsio fondo batek agintzen du Elenaren en­presan. “Fondo de inver­sión buitre” erraten diote gaztelaniaz. Inbertsioa egiten duen jendearen sosak gobernatzen ditu pu­tre horrek. Ez dakit inbertitzaileek ote dakiten zer egiten ari diren euren diruarekin. Oroitzen naiz poetak erranaz: diru zakarrak bihotzik ez du. Kasu honetan ere balio du: batere bihotzik ez du, eta sobera dabil jende zuriaren esku beltzetan.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa