Herri galdeketaren alde 1.183 sinadura bildu ditu Eman Bortzekoa elkarteak Bortzirietan

Ttipi-Ttapa/Xorroxin 2017ko mar. 29a, 07:52
1.183 sinadura bildu dituzte Bortzirietan eta ekainaren 18an eginen da herri galdeketa.

Apirilaren 1ean galdera adosteko lehen saio herritarra eginen dute Beralandetan eta mus txapelketa ere jokatuko da

Eman Bortzekoa elkartea aurkeztu zenetik bi hilabetera 1.183 sinadura bildu dituzte Bortzirietan udaberrian egin nahi den herri-galdeketa egin ahal izateko. Herri-galdeketak egiteko nahitaezkoa da 16 urtetik goitiko biztanleen %10aren sinadura Lesakan eta Beran, eta %15ekoa Arantzan, Igantzin eta Etxalarren. Bada, elkarteak hasierako helburua gainditu du. 

 

Herriz-herri sinadura hauek bildu dira:

ARANTZAN: 166 (%30,9)

IGANTZIN: 106 (%20,8)

ETXALARREN: 104 (%15,8)

LESAKAN: 455 (%19,7)

BERAN: 352 (%11,3)

Sinatzaile horiei guztiei esker, erabakitzeko aukera izanen da Bortzerrietan eta eguna ere erabaki dute: ekainaren 18a.

 

Galdera adostea

Hurrengo urratsa galdeketa horretarako galdera pentsatzea izanen da. Baina galdera hori Bortzerrietako jendearen artean adostuko dute, herritarrei hitza emanez. Galdera adosteko lehenbiziko saio herritarra apirilaren 1ean eginen dute, Berako Beralandetan, 10:00etan. Saio irekia izanen da eta nahi duen guziak parte hartzeko aukera izanen du.

 

Mus txapelketa

Bertze aldetik, Eman Bortzekoa Elkarteak herriz-herri ekintzak antolatzen segitzen du. Horietan hurrengoa bortz herrietan jokatuko den mus txapelketa izanen da. Herriz-herri kanporaketak jokatuko dira eta herriko kanporaketen irabazleek sari potoloez gain, finalerako txartela eskuratuko dute. Izena ematerakoan bikoteko 10 euro ordaindu beharko dira.

Herriz-herriko kanporaketak:

Arantza: martxoaren 31n, 22:30ean Pabloenean.

Bera: apirilaren 2an, 15:30ean Kataku ostatuan.

Etxalar: apirilaren 1ean, 19:30ean Anttonion (La Basque).

Igantzi: martxoaren 31n, 22:00etan Biltoki Elkartean.

Lesaka: apirilaren 7an, 22:00etan Arranon.

Herriko kanporaketetako sariak hauek izanen dira: Errigorako lotea, Arantzako Mikel Leizaren nekazal produktuen saskiak eta Martikoko produktuen lotea.

Finala, berriz, apirilaren 9an jokatuko da Igantziko Biltoki elkartean. Finalean lehenbiziko gelditzen den bikoteak Lesakako Linddurrenborda sagardotegian bi lagunentzako afaria eskuratuko du eta bigarren sailkatzen denak Etxalarko La Basquen bi lagunentzako afaria.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun