Espiello etnografia-dokumentaleko zinemaldian emanen dute Jon Abrilen ‘Neskatoak’

Ttipi-Ttapa 2017ko mar. 24a, 11:13

Baztan-Bidasoaldeko 15 emakumeren bizipenak biltzen dituen dokumentala sari nagusietan lehiatuko da Sobrarben.

Sobrarbeko (Huesca, Espainia) Jaialdira aurkeztutako ia 400 lanen artetik aukeratutako 23en artean dago beratarraren lana

Huescako (Espainia) Sobrarbe eskualdean egiten den Espiello etnografia-dokumentaleko zinemaldirako hautatu dute Jon Abril beratarren Neskatoak dokumentala. Jaialdira mundu osoko ia 400 lan aurkeztu dira, eta Abrilen lana aukeratutako 23en artean dago. “Espiello” (ispilua, aragoieraz) etnografia-dokumentalean espezializatutako zinemaldia da, eta aurten XV. aldia izanen du. Martxoaren 24tik apirilaren 1era eginen da Aragoiko Pirinioan dagoen Boltaña herrian, Sobrarbe eskualdean. Neskatoak lana martxoaren 28an emanen da, asteartean 22:00etan, herriko Kongresu-aretoan.

 

Abrilen lana sari nagusietan lehiatuko da, eta baita Pirinioetako sortzaileen arteko lanik onenera ere.

 

Neskatoak dokumentala

Joan den urteko martxoaren 6an estreinatu zenetik, Euskal Herriko 50 herritan baino gehiagotan aurkeztu da dokumentala. 1940 eta 1970 urteen artean Ipar Euskal Herrira eta Frantziako bertze hainbat tokitara lanera joandako emakumeen bizipenak jasotzen ditu “Neskatoak” dokumentalak. Frankismoaren urterik gogorrenetan, familia gibelean utzi, eta bizimodu hobe baten bila joan ziren emakume horiek, nerabe eta neska gazteak. Baldintza gogorretan aritu behar izan zuten, 12 eta 14 orduko lan-jardunetan; anitzetan kontraturik eta paperik gabe; pasaporterik gabe, muga gordeka pasa behar izan zuten hainbertzek, gaur egun gurera bizimodu hobe baten bila etortzen diren etorkin eta errefuxiatuen gisan. Baztan-Bidasoaldeko 15 emakumeren bizipenak biltzen ditu dokumentalak.

  

Zuzendaria: Jon Abril Olaetxea (Bera, 1975) kazetaria da ikasketaz, kultur kudeaketan aditua, eta gaur egun Elhuyarren dabil lanean, partaidetza teknikari moduan. Hainbat hedabidetan lanean eta kolaboratzaile lanetan jardun ondotik, hau du bere lehenbiziko dokumentala zuzendari moduan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun