Panttaleon Errandonea omendu dute Arantzako II. Trikitixa jaialdian

Ttipi-Ttapa 2017ko mar. 14a, 07:15

Panttaleon Errandonea, oroigarriarekin, arpana saioan parte hartu zuten ilobekin eta Herri Kirol Federazioko ordezkariekin.

Ehun musikari baino gehiagoren saioa eta gero

Martxoaren 11n, larunbat arratsaldez, Arantzako udalak antolatuta, Arantzako II.Trikitixa jaialdia egin zen frontoian. Ekitaldi jendetsua izan zen. Ehundik goiti trikitilari eta panderojole, herritarrak ez ezik eskualdeko adin guztietako musikariak elkartu ziren eta era guztietako piezak aditzeko modua izan zen. Saio anitza izan zen. Tartean, Azpeitiko Sahatsa dantza taldeko dantzariek ere, dantzatu zuten eskenatoki gainean. 

 

Partaide guztiek oroigarriak jaso zituzten eta publikoaren artean zozketaturiko saria (Arantzako hotelean spa saioa), Gorka eta Maixe herritarrentzat izan zen. 

  

Pantaleon Errandoneari omenaldi hunkigarria

Saioaren akabailan, Pantaleon Errandonea herritarra igan zen oholtzara. Pantaleon, arpanlari ezaguna izan zen, herri kiroletako hainbat  erakustaldi eta txapelketetan aritua. Herrian gaztetxoen herri kiroletan ere irakasle izan zen hainbat urtez. Bertzalde, herriarengatik  auzolanean hainbat lanetan aritua: udaletxean, ekaitza elkartean, bortzak bat koperatiban...

Herriko bandera astintzen ere, herriko bestetan eta Bestaberri egunean... Aurreskuaren ondotik,

Xebastian Lizaso bertsolariak bertso ederrak kantatu zizkion. Segidan, Herri Kirol Federazioko lehendakaria den Xabier Urrutia arraioztarra, oholtza gainera igo eta eskerrak eman zizkion federazioaren izenean. Daniel anaiarekin batera, erakustaldia egin zuten, enborra zutik eta horizontalean zutela korte batzuk eginez.

Bertze sorpresa, Pantaleonen ilobak, Rafa eta Juan Kruz, hurbildu zirenean izan zen. Saio ttiki bat egin zuten bi bikoteek arpanean.

Akautzeko, Igor Ugalde udaleko zinegotziak, oroigarria eman zion Pantaleoni eta honek, guztiz hunkituta eskerrak eman zituen. Mila esker, Pantaleon!

Bertzalde, saioak iraun zuen bitartean, Pelle Ttiki haur eskolaren 10.urteurrenaren harira paratutako argazki erakusketa ikusgai izan zen eta tailerrak ere egin ziren.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun