Arantxa Arregi omendu dute Ibardingo Mendiko sagardotegiko kantu zahar bazkarian

Ttipi-Ttapa 2017ko mar. 13a, 11:57

Aitor Mendiluze bertsolaria, Arantxa Arregiren omenez kantari.

Garapen agente izandakok hainbat opari jaso ditu, eskualdean turismoa, komertzioa eta kultura sustatzen egindako lana eskertzeko

Berako Ibardingo Mendiko sagardotegian Kantu Zahar bazkaria egin zuten martxoaren 11n. Bazkaria eta bazkalondoa kantu giroan pasatzeaz gain, urtetan Cederna-Garalur erakundearen eskualdeko garapen-agentea izan den Arantxa Arregiri omenaldia eskaintzeko aprobetxatu zuten.

 

Partehartzaileei dagokienez, batzuk ohikoak eta bertze batzuk berriak izan dira. Ohikoak, Angel Mariezkurrena (antolatzailea), Aitor Mendiluze bertsolaria, Frantzisko Santxotena (eskujolea) eta Aitor Ibarra Jalisko (tronpeta) izan ziren. Berrikuntza nagusiak, berriz, Zuberoako 26 emakumek osatzen duten Buhaminak abesbatza eta Eskozia eta Irlandako zeltiar musika gaitarekin eta bertze hainbat musika-tresnekin jotzen duen Ivan Allue bilbotarra izan dira.

Arantxa Agirrek hainbat oroigarri eta opari jaso zituen. Angel Mariezkurrenaren esker oneko hitzak aditu ondotik, Aitor Mendiluzek ere bertso batzuk kantatu zizkion eta Euskal Artzainak Ameriketan elkarteak ere makila eta lore-xorta eman zizkion, bera izan baitzen, Euskal Artzainen Eguneko bultzatzaile nagusietako bat. Larun Haizpe elkarteko Helena Santestebanek ere esker oneko hitzak eskaini zizkion, Arantxa Arregik eskualdeko komertzioaren alde egindako lana goraipatuz. Arantxa Arregik, hunkituta, beretaz oroitzea eskertu zuen.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun